Momentuz, atari berriak bi modulu ditu: aurrekontuena eta fakturena.
Aurrekontuen atalean, urtez urte udalak onartutako aurrekontuak osorik ikusi ahalko dira, partidaz partida modu txukun eta grafiko batean. Partida desberdinen eboluzioa eta urtekako aurreikuspenak konparatzeko aukera eskaintzen du, gainera, modulu honek. Hona, atal pare bat, xehetuta:
Eta, noski, aurrekontuak bere osotasunean jaisteko aukera dago, gehiago aztertu nahi dituenak oso osorik eskura izan ditzan. Une honetan, azken hiru urteko aurrekontuak sareratu dira. Baina, datozen urteetako aurrekontuak ere publikatuko dira, logika berdinarekin, haiek onartu ahala.
Fakturen atalak ere diru kontuak bistaratzen ditu. Asmoa, udaleko diru irteerak publikatzea da, dirukontuak garbi erakustea. Zertan eta zenbat gastatzen duen udalak garbi erakustea.
Momentuz kopuru minimo batetik goragoko fakturak sareratuko dira, 3.000 eurotik goragokoak, hain zuzen ere, faktura guzti guztiak eta diru irteera guztiak publikatzeak lan gehiegi eskatuko lukeelako. Dena dela, helburu bezala kopuru eta faktura guztiak eskuragarri jartzea nahi du udalak, herritarrek jakin dezaten garbi zertan doan euren dirua, eta urrats berriak emateko asmoa du bide horretan.
Fakturak erakustea, ez da ohikoa udalen kasuan. Inguruan lehen aldia da udal batek fakturak erakusteko borondatea erakutsi eta horrelako urrats bat ematen duela.
Erantzun
Sartu