Teknologia albisteak

Euskal Herriko prentsa marrazkilarien hitzaldia eta zuzeneko marrazketa, gaur Koldo Mitxelenan (Donostia)

Erabiltzailearen aurpegia
2014-09-11 : 10:54

Gaur, irailak 11, Asisko Urmenetak, César Orozek eta Mattinek giza eskubideekin lotuta argitaratu dituzten biñeta batzuk aukeratu dituzte eta horiek zergatik marraztu zituzten azalduko dute. Zuzeneko marrazketa ere egingo dute. Koldo Mitxelenan (Ganbara aretoan), 19:00etan. 

Euskal Herriko marrazkilarien begirada Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Frantziako Varenne Fundazioak antolatutako Prentsa eta giza eskubideak ekimenaren atal bat da. Prentsa marrazkilariek iritzia sortzeko eta pentsamendu kritikoa pizteko tresna ezin hobea dela aldarrikatzen du ekimen horrek. 

Daniel Pouzadoux Varenne Fundazioko presidenteak atzoko aurkezpenean gogorarazi zuenez, "prentsa marrazkiak bakearen alde sentiberatasuna pizteko tresna ezin hobea da” eta Prentsa eta giza eskubideak ekimenak, hain zuzen, helburu hori du.

Gaurtik aurrera ere Cartooning for Peace nazioarteko prentsa marrazkilariek osatutako erakusketa ikusgai izango da, 16:00etatik aurrera, KMko Ganbaran. Urriaren 2a arte bisitatu ahalko da.

Irailaren 23an, adierazpen askatasunari buruzko hitzaldia emango du Laura Mintegik, euskal idazleak eta Euskal Pen Klubeko zuzendaritzako kideak. KMn, 19:00etan.

Erantzun

Sartu