Urola Erdiko herritarrek aukeratutako egitasmoak gauzatzeko bilerak hasi dira
Urola Erdiko biztanleek eta udalek Partaidetzazko Aurrekontuen esperientzian parte hartu zuten 2013an. Horren arabera, Foru Aldundiak 500.000 euro utzi zituen herritarren esku. Prozesu parte hartzaile baten bidez, zazpi egitasmo lehenetsi zituzten eskualde horretan. Egitasmo horiek aurten gauzatuko dira eta, herritarrek hala eskatuta, prozesu horren jarraipenean ere parte hartu nahi dute. Horretarako, jarraipen batzordeak osatu dira eta egitasmo horietako batzuk nola gauzatuko diren erabakitzeko lehen bilerak lotuta daude.
Eskualdeko historia berreskuratu eta balioan jartzeko plangintzari buruzko bilera hilaren 2an, asteazkenean, egingo da, Azpeitiko udaletxeko batzar aretoan, 18:00etan.
Hilaren 3an, ostegunean, 18:00etan, Oroimen historikoa lantzeko egitasmoa gauzatzeari buruzko batzordea egingo da.
Partaidetzazko Aurrekontuen ekimena iaz jarri zuen martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak. Urola Erdian egin zen esperientzia pilotua. Foru Aldundiak 2014ko aurrekontuetatik 500.000 euro jarri zituen Urola Erdiko herritarren esku, diru hori non inbertitu erabaki zezaten. Parte hartze prozesuan aritu ziren eskualde horretako biztanleek zazpi egitasmoz osatutako zerrenda lehenetsi zituzten.
- Burujabetza energetikorako plangintza egitea: 65.000 euro
- Oroimen historikoa lantzea: 22.000 euro
- Haur eta gazteen parte-hartze programa osatzea: 45.000 euro
- Eskualdeko historia berreskuratzeko plangintza egitea: 30.000 euro
- Baserri-bideak konpontzea: 150.000 euro
- Mendietako bidezidorrak txukuntzea: 110.000 euro
- Lasao-Zestoako trenbidearen egokitzapen lanak egitea: 78.000 euro
Partaidetzazko Aurrekontuak 2015
Aurten ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarri du Partaidetzazko Aurrekontuen ekimena, eta Urola Erdiak bigarren urtez parte hartuko du. Beste 500.000 euro izango dute eskualderako eta herrietarako onuragarriak diren egitasmoetan inbertitzeko. Urola Erdiaz gain, Tolosaldera, Bidasoaldera eta Oarsoaldera ere hedatu du ekimena Foru Aldundiak.
Erantzunak kargatzen...