Teknologia albisteak

Euskal enpresak, garapen iraunkorra eta hizkuntza aniztasuna aztergai aurtengo Enpresarean Azokan

Erabiltzailearen aurpegia
2020-10-14 : 15:50

Urriaren 22an izango da aurtengo Enpresarean Azoka, Hernaniko Orona Ideon, Bai Euskarari Elkarteak antolatuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesletzarekin. Azokara bertaratzeko aforoa beteta dago, baina streaming bidez zuzenean jarrai daiteke jardunaldia; izena eman behar da horretarako. 'Garapen Iraunkorrerako Helburuen aplikazioa euskal enpresa-sarean. Eta hizkuntza aniztasuna?' Horixe izango da Enpresarean Azokan jorratuko dugun gaia. Ohi bezala, hitzaldiak, solasaldiak, adibide praktikoak eta ekintzaileentzako tartea izango ditugu.

Jardunaldia 9:00etatik 13:30era izango da, Orona Ideoko Gallery aretoan. Segurtasun baldintzak aintzat hartuta antolatuko da jardunaldia eta baimendutako edukiera murriztuta egongo da. Hori dela eta, dagoeneko aforoa beteta dago eta streaming bidez zuzenean jarraitu ahal izango da. Jardunaldia jarraitzeko izena eman behar da galdetegi hau beteta: EMAN IZENA

Enpresen saretzea helburu

Enpresarean Azoka Bai Euskarari Elkarteak bi urtean behin antolaturiko jardunaldia da, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan. 2012an egin zen lehenengoa eta Enpresareanen helburua da euskaraz lan egiten duten enpresa eta profesionalen saretzea eta elkarlana sustatzea.

Rober Gutiérrez Bai Euskarari Elkarteko zuzendariak honakoa nabarmendu du: "Geroa euskaratik eraikitzeko, aldaketak egiteko eta eragiteko baliatu behar dugu egoera hau. Asko ari gara hitz egiten etorkizunerako baldintza sozial, politiko, juridiko eta ekonomiko egokiagoak eraikitzeaz. Halaber, tokikoari garrantzia emateaz, bertatik eraikitzeaz, elkarrekin eraikitzeaz… Gure ongizatea, lurraldearen garapena, hizkuntzekin ere lotu behar dira, euskara baita gure ongizaterako giltzarrietako bat. Enpresarean Azokan horren guztiaren inguruko hausnarketa egin nahi dugu euskal enpresa, erakunde eta elkarteekin batera".

"Euskarak lan esparruan jauzi esanguratsu bat egiteko baldintzak dauzkagu, azken hamarkadetan euskararen ezagutzak eman duen aurrerapausoari esker. Pandemiak bizkortu dituen gizarte eta ekonomiaren alorreko eraldaketek, gainera, gertutasunean eta tokian tokiko elkarlanean oinarritutako dinamikak indartzeko premia azaleratu dute. Eta hor gure ekonomiaren etorkizuna bermatzeko lanak eta euskara erabilera sustatzeko ahaleginak bat egiten dute", adierazi du Garbiñe Mendizabalek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak.

Hitzaldia eta solasaldiak, streaming bidez

Aurtengo egitarauan enpresetako, kooperatibetako, erakundeetako eta gizarte zibileko ordezkariek hartuko dute parte. Sarrera-hitzaldia Orkestrako Usue Lorenzek egingo du, Ez utzi inor atzean izenburupean. COVID-19aren krisialditik atera eta gauzak beste modu batera egiteko garaian, inoiz baino indar handiagoa dute 2030eko Agendak eta Garapen Iraunkorrerako helburuek, guztiok norabide berean lan egitera bultzatzen gaituzte, mundu bidezkoagoa, oparoagoa eta iraunkorragoa eraikitzeko, inor atzean utzi gabe.

Ondoren, bi solasaldi eta esperientzia-truke bat izango ditugu, arlo ezberdinetako ordezkariekin.

Lehen solasaldian, iraunkortasunaz eta hazkunde ekonomikoaz arituko dira EHU, Mondragon Korporazioa, Oxfam Intermon eta Ingeteam Group-eko ordezkariak.

Bigarren solasaldian, hizkuntza aniztasunaz eta garapen iraunkor globalaz arituko dira Agirre Lehendakari Centerrek gidatuta, Fagor Taldea, Mutualia, Hizkuntza Politikarako sailburuordetza eta Unesco Etxea.

Esperientzia-trukea izango dugu bi solasaldien artean eta, Anabel Arraizak gidatuta, inklusibitatea lantzen ari diren enpresa eredugarriak ezagutuko ditugu: Sutargi, Eredu Koop., Akaba, Oiarso Bexen, Laboral Kutxa, Atzegi, Gureak, Andoaingo Udala eta Cáritas.

Enpresarean Azokako parte-hartzaileak

Arin-arin saioa: 2.000 euroko laguntza

Amaitzeko, aurreko edizioetan bezala, aurten ere ekintzaileei zuzendutako Arin-arin saioa izango dugu: parte-hartzaileek Garapen Iraunkorrerako Helburuen aplikazioarekin lotutako proiektuak edo ideiak azaldu beharko dituzte, hiru minututan, arin eta labur.

Bai Euskarari Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak osaturiko epaimahaiak parte-hartzaileen aurkezpenak baloratu eta irabazle bat hautatuko du, ekimena gauzatzeko 2.000 euroko laguntza eskainiz.

Egitarau osoa

Ikusi aurtengo egitaraua hemen: https://enpresarean.eus/info/ikusi/enpresarean-azoka-2020/egitaraua

Erantzun

Sartu