Bai Euskarari Elkarteak Enpresarean Azokaren laugarren edizioaren egitaraua aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera. Urriaren 25ean izango da euskal enpresen eta profesionalen sareko topaketa, ekonomia eta teknologia arloko adituen hitzaldi eta solasaldiekin. Aurtengo izenburuak ikuspegi ugari erakarriko ditu: "Pertsonak, digitalizazioa eta transformazioaren etorkizuneko erronka".
Bai Euskarari Elkarteko zuzendariak, Rober Gutiérrezek, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendariak, Garbiñe Mendizabalek, azpimarratu dute aurtengo ekitaldian goi mailako enpresek eta adituek parte hartuko dutela, askotariko errealitate eta ikuspegiekin. Izan ere, Bai Euskarari Elkarteko zuzendariak esan bezala, “euskararen erabilera arlo sozioekonomikoan sustatzea helburu nagusi izanik, Enpresareanen bitartez enpresei eta profesionalei proiektuak ezagutzera emateko aukera eskaintzen zaie, solasaldirako, eztabaidatzeko eta elkarlana sustatzeko espazio bat partekatzeko aukera baliatzen dute, profesionala eta euskalduna”.
Gipuzkoako Foru Aldunditik nabarmendu dute Hizkuntza Berdintasuneko saila inplikaturik dagoen bezala, Ekonomia Sustapeneko lantaldea ere azokan barneratuta dagoela; izan ere, “euskarak pisu eta balio esanguratsua du eta enpresa munduan hizkuntza kudeaketa premiazko elementua da”. Bukatzeko, gehitu nahi izan dute azoka hau “urrats garrantzitsua dela euskararen inguruan sareak sortzeko eta praktika onak partekatzeko, esparru sozioekonomikoan ere hizkuntza berdintasunean bidea egin dezagun”.
8:30etan emango zaio hasiera ekitaldiari, Orona Ideoko Gallery aretoan. Anabel Arraizak gidatuko du jardunaldia, bost bloke nagusitan banatuko dena.
Lehenik eta behin, “Ekonomia eta pertsonak. Euskal ekonomiaren eta gizartearen erronkak” hizpide izanik, ORKESTRAko zuzendari nagusia den Mari Jose Arangurenek eta Talaios Kooperatibako Gorka Juliok hitzaldi bana eskainiko dute. Arangurenek lehiakortasunerako eta ongizaterako erronkak xehetuko ditu, ORKESTRAk aurkeztuko duen txosten berrian oinarrituta; Juliok etorkizuna irudikatzen lagunduko digu, teknologia eta gizartearen / lanaren arteko harremanaz arituko delarik. Ondoren, mahai-ingurua partekatuko dute Imanol Esnaolarekin (Gaindegiako Koordinatzailea), Sebastian Zurutuzarekin (Gipuzkoako Foru Aldundiko Kudeaketa Estrategia zuzendari nagusiarekin), Ixaka Egurbiderekin (IMHko zuzendaria) eta Hispavista Labseko zuzendari exekutiboa den Iker Barrenarekin.
Bigarren blokean, eraldaketa digitalean eta lanaren etorkizunean jarriko da fokoa: “Eraldaketa digitala, pertsonen eraldaketa?” galderari erantzun nahian. Horretarako, IKANOS proiektuaren zuzendariak, Ana Isabel Vitoricak, "Eraldaketa digitalaren erronka pertsona eta profesionalengan" hitzaldia eskainiko du. Ondoren, BERRIAko kazetaria den Irune Lasak oholtza gainera gonbidatuko ditu ondorengo adituak, berak dinamizatuko duen solasaldian parte-hartzeko: Ana Isabel Vitorica, IKANOSeko zuzendaria; Leire Colomo, AMPO-ko Berrikuntza eta garapen teknologikoaren zuzendaria; Santi Agirregoikoa, ELAY-ko Kontseilari ordezkaria; eta Arrate Olaiz, IBARMIAko Berrikuntza zuzendaria.
Hirugarren atalean, lanaren etorkizuneko joeren inguruan sakontzeko, LKS-PROSPEKTIKEReko zuzendari nagusia den eta Millenium Proiektuaren arduraduna den Ibon Zugastik proiektuari buruz hitz egingo du eta lana etorkizunean nolakoa izango den eta etorkizuneko erronkak irudikatzen lagunduko digu. Horretaz ere jardungo dute hitzaldiaren ondorengo solasaldian. Hor ikuspegiak partekatuko ditu honako profesional hauekin: Nuria Agirre (Laboral Kutxako Giza Baliabideetako arduraduna), Rikar Lamadrid (Eusko Jaurlaritzako Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria), Mondragon Taldeko Gestio Sozialeko arduradun bat eta EITBko Giza Baliabideetako zuzendaria den Izarne Arrigain.
Amaitzeko, Iker Galartza aktoreak itxiko du azoka, “Gure zirkua, amestutako etorkizuna” izenburupean eskainiko duen aurkezpenarekin. Industria 4.0, digitalizazioaz, eraldaketaz eta horrelako kontzeptuez arituko gara Enpresarean azokan zehar eta Galartza ere arituko da bizitzan etengabe erronka berriei aurre egiteaz, eraldatzeaz eta ametsak egi bihurtzeaz...
Azokarekin batera, aurreko edizioetan bezala, “Arin-Arin” saioa egingo dela iragarri da. Parte hartzaileek euren proiektuak 3 minututan azaldu beharko dituzte, arin eta labur, eta ideia irabazleak 2.000 euroko saria jasoko du proiektua garatzeko. Baloratuko da proiektua berritzailea izatea eta garatzeko aukera izatea.
Ekitaldira publiko bezala bertaratzeko, bete ondorengo galdetegia: https://goo.gl/forms/ilkN0fdAdcrhk9Xa2
Arin-arin saioetan parte-hartzeko, bete ondorengo galdetegia: https://goo.gl/forms/J1nMSJ5PRkcMNoz43
Enpresarean Azokaren inguruko informazio osagarria, izen-emateak, egitarau osoa, parte-hartzaileak, etab.:
https://www.enpresarean.eus/info/ikusi/enpresarean-azoka-2018
Erantzun
Sartu