Teknologia albisteak

Laneki, Sorginen Museo eta Lezea eta Mikel Lezamizentzat #BaiEuskarariSariak

Erabiltzailearen aurpegia
2016-07-04 : 13:31

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak urteroko Bai Euskarari Sarien banaketa ekitaldia egin zen ostiralean Donostiako 2016 Gunean. Bertan izan ziren, besteak beste, Jorge Gimenez Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaria, Miren Azkarate Donostiako Euskara zinegotzia, Joseba Pérez de Heredia Arabako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria, Javier Marcos Mondragon korporazioko Komunikazio arduraduna eta Ander Etxeberria Mondragoneko Euskara koordinatzailea. Urtero bezala, hiru sari eman ziren: Bai Euskarari Laguna saria Mikel Lezamiz Mondragoneko Hedapen Kooperatiboko arduradun eta euskara koordinatzaile izandakoak jaso zuen; Sorginen Museoa eta Lezea, eta Laneki izan ziren  ziurtagiridun sarituak. 2016an euskararen arloan eta gure hizkuntza sustatzeko helburuarekin egindako lana aitortu nahi izan die Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak.

Ekitaldiko argazki guztiak dituzue bilduma honetan.

2016ko saridunak

LANEKI: Gaur egun hain garrantzitsua den Lanbide Heziketan euskararen presentzia handitzeko eta sendotzeko etengabeko lanean dihardu Laneki elkarteak. 2015 urtetik du Bai Euskarari Ziurtagiriaren maila gorena, Zerbitzua eta lana euskaraz maila, hain zuzen ere. Jakinbai.eus Lanbide Heziketarako euskarazko materiala jasotzen duen Interneteko ataria sortu zuen eta etengabe elikatzen ari da.

Lanekiren izenean Kepa Altubek, Lanekiko kudeatzaileak, jaso du saria.

SORGINEN MUSEOA ETA LEZEA: 2013an eskuratu zuen Bai Euskarari Ziurtagiria Sorginen Museo eta Lezeak. Oso argi dute euskarak duen garrantzia; bezeroari eskainitako zerbitzuetan, beraien euskarrietan eta aurkezpenetan, esate baterako, euskara lehenesten dute beste hainbat hizkuntzen artean. Era berean, mugaz gaindiko Xareta eskualdeko dinamizatzaile ekonomikoak bihurtu dira bertan turismoa sustatuz.

Ainhoa Agirrek, Sorginen Museoa eta Lezeko kudeatzaileak jaso du saria.

MIKEL LEZAMIZ: Mondragon Korporazioko Hedapen Kooperatiboko arduraduna izan da azken urteotan Mikel Lezamiz eta orain dela gutxi hartu du erretiroa. Kooperatibagintzan ez ezik, lan handia egin du Mondragon Taldearen barruan euskararen alde, taldeko euskara koordinatzaile izan delarik. Lan-munduan euskararen alde egindako lana aitortzeko, Bai Euskarari Laguna saria jaso du aurten.

Lezamizen izenean semeak, Aitor Lezamizek, jaso du saria.

Saridunak, urtez urte

  • 2009: JEZ (Laudio), IMH Institutua (Elgoibar) eta Kirmen Uribe.

  • 2011: Refractarios Kelsen (Aduna), Hirukide ikastetxea (Tolosa) eta Xabier Mendiguren Bereziartu.

  • 2012: Skunk Funk, Arlan (Erandio) eta Jose Anjel Iribar (Athletic).

  • 2013: VUSA eraikuntzak (Galdakao), Leitzako, Aresoko, Goizuetako eta Aranoko ziurtagiridunak, Anaje Narbaiza (Elay).

  • 2014: Banaiz Bagara, Mendia Optika (Gasteiz) eta Kike Amonarriz.

  • 2015: Euskal Herria Esnea, Nekatur eta Gaizka Garitano.

Erantzun

Sartu