Teknologia albisteak
1

Enpresarean azokaren aurkezpena, euskaraz lan egiten duten enpresen topaketa

Erabiltzailearen aurpegia
2012-07-29 : 10:28

Enpresarean egitasmoaren helburua da arlo bereko edo beste arlo batzuetako enpresen artean elkarlana sustatzea, esperientziak trukatzea eta hornitzaile berriak aurkitzea. Hori guztia, baina, euskara elementu komuntzat duten enpresa, elkarte eta entitateen artean. Eta jardunaldi bat izango da urrian, Donostian, Enpresarean Azoka. Hitzaldiak emango dituzten enpresen artean, Berria Taldea, Hetel, Codesyntax, Akting eta Fremap, besteak beste.

Enpresarean azokaren aurkezpena egin zuten ostegunean Rober Gutiérrez, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak, Nerea Txapartegi Donostiako Udaleko Kultura eta Euskara delegatuak eta Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak.

Enpresarean urriaren 2an egingo da Kursaalen egun osoz, eta bertan euskaraz lan egiten duten enpresak eta euren produktu edo zerbitzuak euskaraz eskaintzen dituztenak bilduko dira, elkarren arteko harremanak estutu, elkarlanerako bideak aztertu eta negozio bide berriak zabaltzeko asmoz.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren zuzendari Rober Gutiérrezek honela azaldu du Enpresarean azokaren helburua: “Euskaraz lan egin nahi duten edo-eta zerbitzua euskaraz eskaini nahi duten organizazioei erraztasunak eman nahi zaizkie, eta euskarazko zerbitzuak eta produktuak eskaintzen dituzten entitateei salmentarako gune bat eskaini. Hala, enpresei negozio berriak egiteko ateak irekiko zaizkie, proiektu enpresarial berriak sortzeko, euskaraz. Horrek guztiak, gainera, euskararen prestigio soziala areagotzeko eta arlo sozio-ekonomikoan euskararen normalizazioa bultzatzeko balioko du.”

Azokaren egitarauaren berri ere eman du Rober Gutiérrezek: “Azoka lau zatitan egongo da banatuta: 1. gelan hitzaldiak eskainiko dira; 2. gelan aurkezpenak egingo dira; 3. gelan coworking saioak eta 4.ean produktuak ikusgai izango dira, eta edozein enpresak bere jardunari buruzko azalpenak eman ahal izango ditu horretarako egokituko den gune batean. ”

eAzoka

Egun osoko jardunaldia izango da, eta Kursaalen egingo den azokak sarean ere izango du isla. Batetik, egun osoan zehar eskainiko diren hitzaldi eta aurkezpenak sarean jarraitu ahal izango direlako, eta bestetik, sarean ere azoka egingo delako. www.enpresarean.org webgunean, enpresek eta parte hartu nahi duten pertsona guztiek izenematea egin ahal izango dute, eta ondoren antolatzen diren ekintza guztietan parte hartzeko aukera izango dute.

Egitaraua

Rober Gutiérrezek dagoeneko euren partaidetza baieztatu duten hainbat enpresen izenak ere aurreratu ditu: “Hitzaldiak emango dituzten enpresa guztiak zehaztu gabe badaude ere, horietako zenbait itxi dira dagoeneko: Berria Taldea, Hetel, Codesyntax, Akting eta Fremap, besteak beste. Aldi berean, bigarren gelan, 20 enpresa inguruk 10 minutuko aurkezpenak egingo dituzte euren enpresen eta haien jardueraren gainean. Lau arlo nagusiren inguruan ariko dira enpresak: euskara eta teknologia berriak, kanpo eta barne bezeroei euskaraz egitearen garrantzia, prestakuntzan eta arlo sozioekonomikoan euskaraz, eta euskara eta enpresen etorkizun sozial korporatiboa”.

Arratsaldez enpresen arteko coworking saioa egingo da, bilera azkarrak izango dira, enpresa bakoitzak aldez aurretik azaldutako behar eta interesen arabera antolatuta: “Helburua da euskaraz lan egiten duten enpresak elkar ezagutzea, elkarrekin lan egiteko aukera aztertzea eta negozio unitate berriak hasteko ateak irekitzea”, adierazi du Bai Euskarari Ziurtagiriaren zuzendariak.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa

Duela hilabete pasatxo, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritzak hitzarmena sinatu zuen Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearekin, euskarazko zerbitzua eskaintzen duten enpresen azoka egitea helburu hartuta. Gaur Zigor Etxeburua Foru Aldundiko Euskara zuzendariak azpimarratu du Enpresareanek bete betean jasotzen dituela Aldundiaren hizkuntza politikaren helburuak: “Aldundiak euskaraz bizitzearen aldeko apustu garbia egina du. Alde horretatik, ekimen aitzindari hau ere akuilu izango da alor sozio-ekonomikoa euskalduntzeko prozesuan: beste urrats bat eremu horretan aurrera egiteko.”

Etxeburuak euskararen balioa nabarmendu du: “Alor sozio-ekonomikoa euskalduntzeak euskarak bizitza sozialean aurrera egiten laguntzen  du. Krisi garai honetan, bestalde, Euskal Herriko merkatuan euskaraz jardutea aukera bikaina da, horrek enpresen lehiakortasuna eta balioa handitzen dituelako. Azkenik, euskarak gure lurraldea batzen duen bezala, enpresen eta eragileen barne egitura ere kohesionatu dezake.”

Donostiako Udala ere lana eta euskara uztartzeko gogoz

Donostiako Udaleko Euskara delegatua Nerea Txapartegi pozik agertu da Enpresarean lehen azoka hau Donostian egingo delako: “Donostia ekimen honen aterpe izateaz pozten gara, gure hiria euskararen hiria bilakatzeko bidean baikara, hiri euskaldunago bat izateko konpromisoa hartua daukagu, eta euskara bizitzako alor guztietan erabiltzea ezinbestekoa da gure hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko.”

Txapartegik azken egunotan ezagutzera eman diren datu soziolinguistikoak oinarri hartuta, euskararen erabilera indartzeko, bizitzaren alor guztietan egin behar den ahalegina aipatu du, eta lan munduan, enpresa publiko eta pribatuetan euskararen erabilera bultzatzeko ahaleginean, Enpresareanek izan dezakeen balioa azpimarratu du.

Erantzunak

2012-07-30 : 11:38

Informazio gehigarri apur bat Enpresarean-en inguruan. Parte hartu nahi duten enpresek izena eman beharko dute aldez aurretik webgunearen bitartez.

Erantzun

Sartu