2024 urtea amaitzen dugu gaur Azpitituluak Euskaraz webgunean, 102 pelikula gehiturik katalogora, eta 158 telesail atal berri ere bai. Helburu gisa markatu genuen urte hasieran 250 azpititulu gehitzea, eta gainditu dugu (aurreko urtean ere kopuru bera izan genuen erronka gisa). Baina urte berrirako, 2025erako, erronka berria planteatu nahi diogu gure buruaru, 1.800 film baino gehiago ditugunez jada (1.809 une honetan): filmetan gehiago zentratzen bagara, baietz 2.000 film izatera iritsi.
Urteko azken aste hauetan gehitu ditugunen artean, The Avengers 2012ko filma, boluntario batek euskaratua, Marvel Unibertsoaren fase mitikoenari hasiera eman ziona. Txanpa hura osatu zen Avengers: Age of Ultron (2015), Avengers: Infinity War (2018) Avengers: Endgame (2019) filmekin, eta ondoren Marvel produktuen gainbehera ere izan dela dioenik bada.
Apreziatu daitezkeen beste film batzuk izan dira Barbie, Holy Spider, The Batman, Decision to Leave polizia-thriller korearra, Infinity Pool ezinegonak sortzeko modukoa, Aftersun Paul Mescal izar berriarekin...
Eta telesailen artean, Squid Game fenomeno korearra gehitu dugu (ez bakarrik 2. denboraldi berria, baita aurrekoa ere); baita Hiru Gorputzen Problema, Boterearen Eraztunen bigarren denboraldia, eta The Boys-en denboraldi berriena.
Urteko beste albiste on bat izan da, boluntarioek Azpitituluak Euskaraz webgunerako sortutako azpidatziak agertu direla Filmin streaming plataforma espainiarrean, Pantailak Euskaraz ekimenaren eta Filminen eskutik. Esate baterako, Back to the Future trilogia, Estiu 1993 katalana, Ida Pawel Pawlikowskirena Maialen Sobrinok eta Ander Gortazarrek boluntarioki euskaratua, edo Josu Goikoetxea idazlearen ekarpen parea, Vertigo Hitchcokena eta In the Mood for Love Wong Kar-Wairena.
Gozatu 2024ko uzta, urte berri on, eta ea 2025ean bi mila pelikula horietara iristen garen.
Erantzun
Sartu