Teknologia albisteak

Oscarren gaua: Iñarritu, DiCaprio, Larson eta Morricone, saridunen artean

Erabiltzailearen aurpegia
2016-02-29 : 09:27

Sariak oso banatuta egon dira. Mad Max izan da sarituena (6 sari, baina "txikietakoak"), Gonzalez Iñarrituk irabazi du zuzendari onenarena (The Revenant) baina Spotlight-ek filmik onenarena. Brie Larson (Room) eta DiCaprio (The Revenant) aktorerik onenak. The Danish Girl-ek ere aktore laguntzaile baten saria eraman duelarik, dagoeneko Azpitituluak.com-en euskaraz dauzkagun filmekin palmarestxo polita lortu dugula esan dezakegu.

Gaur gauean izan da Los Angelesen Oscar sarien 88. edizioa. Ekitaldi nahiko arin eta erreibindikatiboa izan da (besteak beste, homosexualitatea, aldaketa klimatikoa, arrazismoa, unibertsitateetako bortxaketen izurritea,... bezalako gaiak taularatu dituzte aurkezle eta sarituek). 

Saridunei dagokienez, Mad Max izan da irabazle nagusia, sari kopuruari dagokionez (6 sarirekin), baina sari tekniko "txikiak" izan dira jaso dituen gehienak. Faborito nagusiak, The Revenant-ek, 3 besterik ez ditu jaso, baina garrantzitsuagoak (zuzendari onenarena, aktore onenarena eta argazkilaritza). Gonzalez Iñarritu mexikarrak jaso du zuzendari onenaren saria, bigarrengoz jarraian, gainera.

Hori bai, pelikula onena beste batek jaso du, Bostongo pederastia kasuen ikerketa periodistikoa ardatz duen Spotlight-ek, nolabaiteko ezustekoa emanez. Ikusi daiteke, baina hain ona ere ez da Spotlight. Ikerketa periodistiko hutsen alorrean, ez da iristen izatera All The President's Men, eta katolizismoaren gaineko ikerketa periodistikoen alor espezifikoagoan ere, duela urte gutxi egindako Philomena hobea delakoan gaude...

Aktoreei dagokienez, DiCapriok (The Revenant) lortu du, azkenean, bere oscarra, 6. nominazioaren ostean. Brie Larson izan da irabazle emakumezkoen artean, Room pelikulan egindako lan zoragarriarengatik. Aktore laguntzaileen artean, berriz, Alicia Vikander (The Danish Girl) eta Mark Rylance (Bridge of Spies) izan dira sarituak; lehenengoa espero zen, baina bigarrenak ezustekoa eman du faborito nagusi zen Sylvester Stallone gaindituz.

Beste izen batzuk ere izan ditu gaurko gauak, batez ere Ennio Morricone handia (87 urterekin irabazi du soinu banda onenaren saria, lehenengoz, The Hateful Eight). Abesti onenaren sarian, ostera, ezustekoa egon da, Jimmy Napesek and Sam Smithek irabazi dutelako, Writing's On The Wall abestiarekin, Lady Gaga faboritoaren aurretik. Atzerriko hizkuntzako filmarik onena Saul fia (Hungaria) izan da, eta animazioko onena Inside Out.

Hona nominatu eta irabazleen zerrenda osoa.

Erantzun

Sartu