Sustatu logoa Teknologia albisteak

6.000 azpidatzi deskargatu dira Azpitituluak.com-etik aurten

Azpitituluak Euskaraz
2012-12-31 10:48

Guztira, 353ko film katalogo bat daukagu (gehi telesailak; errore marjina +- 2 film edo), eta baliteke, oraingo martxan jarraituz gero, 2013 amaierarako 500era iristea.

Aurten, gainera, deskargen estatistikak jarri genituen martxan urtarrilaren erdialdean, eta 5.800 zenbatu ditugu gaur arte. Egunean 15 edo 20 azpidatzi artean deskargatzen dituzte erabiltzaileek. Urteko egun guztiak ez direnez sartu zenbaketan, esan daiteke 6.000 deskarga gertatu direla aurten, biribilduz.

Deskargetan nagusi bi telesail ageri dira. Hori da telesailen atal guztien deskargak batera konputatzen ditugulako. Hala ere, paradoxikoa da Lost izatea deskargatuena, zeren eta kapitulu bakan parea baizik ez daude, inolaz ere ez denboraldi osorik. Logikoagoa Big Bang Theory-ren 2. postua, denboraldi berriena azkartasun handiz eta zintzo ari direlako azpititulatzen boluntario parea.

Filmei dagokienez, Monsters (70), 10,000 BC (67) eta
The Next Three Days (64) dira lehen hiru postuetan daudenak. Azpitituluak.com-eko eduki azpi-idazkaritzaren iritziz, guztiz ulertezina, askoz film hobeak baitaude katalogoan, dozenaka gainera. Nolanahi ere, 6.000 deskarga guztira, eta film popularrenak 70 izateak, zera adierazten du: gustuen buztan luze bat dagoela hemen. Jendeak denetariko filmak apreziatzen ditu, eta hortaz, katalogo zabal bat izateak garrantzia dauka. Hortaz, ekarpen guztiak dira ongi etorriak. Film kutunen bat ez dago hemen? Itzuli zuk zeuk, eta igo; ez du ehundaka ikuskatze izango, baina bakan batzuk bai (beti gertatzen da), eta ekarpena zinemaren historiarako eta euskarazko Interneten edukien bildumarako geratuko da gordeta.

Urte berri on denoi. Aukera baduzue, esan agur zaharrari Gabonetarako aproposa den batekin (Edorta Eskuartazi) eta Welcome esan bihar urte berriari.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu