Teknologia albisteak

BELATZ, DEKOT, ZIZEL eta NAU Banden Lehiako 10. edizioko lau talde finalistak!

Erabiltzailearen aurpegia
2018-10-30 : 12:15

Azkue Fundazioak antolatzen duen Banden Lehia musika txapelketako 2018ko hamargarren edizioan 14 taldek eman dute izena. Banden Lehia euskal musika sustatzen duen lehiaketa da. Banda amateurrik onena saritzen du, tokiko taldeak ezagutzera emanez eta, bide batez, euskal musika sarean ere zabalduz.

Publikoaren botoei esker, 8.820 botoekin, BELATZ taldea izan da aukeratua eta epaimahaikideek beste hiru talde hauek aukeratu dituzte: Maruri-Jatabeko DEKOT, Azkoitiako ZIZEL eta Donibane-Lezoko NAU.

Hamargarren edizio honetan aniztasuna nagusi izan da, bai jatorri aldetik eta bai musika estilo aldetik ere. Lehenengoari erreparatuz, Hego Euskal Herriko taldeez gain, aurten ere, iparraldeko talde batek eman du izena baita ere. Eta estiloari erreparatuz, anitza izan da aurkeztutako taldeek jotzen duten musika: rock, folk, industrial, metal, alternative punk, pop, country,...

Bestalde, aurtengo epaimahaia Ritxi Aizpuruk [musika editorea; Baga Biga diskoetxeko arduraduna], Zuriñe Hidalgok [Hesian taldeko kidea], Zuriñe Maguregik [MU-ko Ikus-entzunezko Komunikazio fakultateko langilea, Gaztezulo-ko zuzendari ohia], Beatriz Concepcionek [Last Tour enpresako kidea] eta Amets Rodriguezek [Mundaka Festivaleko zuzendaria] osatu dute.

Banden Lehia 10.edizioko finala azaroaren 17an, arratsaldeko 17:30etatik aurrera ospatuko da Bilborocken. Lau talde hauek zuzeneko kontzertuak eskainiko dituzte eta gaua bukatzean aurtengo edizioko irabazlea zein den jakingo dugu.

Taldeek publikoaren laguntza behar izango dute berriro ere beraien aldeko botoak eskuratzeko eta epaimahaikideek bertan izango dira baita ere kontzertuak ikusten.

Finala publikora zabalik izango da eta 4 talde finalistaz gain Haxotz, Larregi, Zazkel, Aneguria eta Ze esatek! taldeak kontzertua doan eskainiko dute.

Erantzun

Sartu