GAME ERAUNTSIA eta AZKUE FUNDAZIOAren arteko elkarlana adostu zen 2017ko azaroan eta gaur, martxoaren 27an, Euskararen Etxean, GAME ERAUNTSIA elkartearen presidentea den URTZI ODRIOZOLAk eta AZKUE FUNDAZIOAren zuzendaria IURDANA ACASUSOk lan-hitzarmena sinatu dute.
Hitzarmenaren helburua bertako kultura eta industria bultzatzea da, euskararen abiapuntutik eta euskaraz egiten den bertako bideojokogintza kultura indartzeko. Bi erakundeetako ordezkariek elkarlana urteetan zehar iraunkorra izateko lanean jardungo dutela azpimarratu dute aipatutako akordioan. Elkarlan horretatik abiatzen da JOKOTEKNIA, euskarazko bideojokoen lehen jardunaldia antolatzea.
JOKOTEKNIA, Bilbon lehen aldiz euskara hutsean egingo den bideojokoei buruzko jardunaldi bat da. Jardunaldi honen helburua, bertako industriaren eta jokozaleen diagnostiko bat egiteaz gain, hemengo bideojoko garatzaile eta jokalarien joerak ikusi, hausnartu eta elkar ezagutzea izango da.
Horretarako, JOKOTEKNIA jardunaldian euskal bideojokogintza industriako aditu, ikasle eta jokalariak batera jarriko ditugu, egun dauden proiektu interesgarriak ezagutu ahal izateko, industriaren diagnostiko bat egin eta etorkizunerako ildoak zeintzuk diren argitzen saiatzeko asmoarekin. Bide batez, euskarazko ekoizpenaren inguruko gaur egungo diagnosi eta prospektiba bat egiten ere saiatuko gara.
Aukera bikaina izango da bideojokoen munduko arlo ezberdinetako jendea elkar ezagutu, ideia berriak hartu eta sinergia berriak sortzeko.
JOKOTEKNIAko lehenengo edizioa, 2018ko maiatzaren 12an, Azkuna Zentroko Bastida aretoan egingo da.
Bilbon, 2018ko martxoaren 27an.
Erantzun
Sartu