Teknologia albisteak

Gertakari eta albiste nagusiak, zuzenean eta bideoz, Twitterren bertan

Erabiltzailearen aurpegia
2018-02-20 : 09:38

Twitter zuzeneko emanaldiak emititzen hasi da. Gertakari interesgarriak daudenean, zuzenean botako ditu Twitterrek bere TimeLanean, oraingoz Estatu Batuetan bakarrik, antza. Plataforma teknikoa prest dago eta Twtitterrek lankidetza-hitzarmenak izenpetu ditu hedabide lokalekin. Joan zen astean Floridako Institutu batean izandako tiroketaren harira egin zuen zuzeneko lehenengo emankizuna. Aurreneko proba izan da, baina 2018an zehar hedatzen joango dena

 

Twitterrek ikus-entzunezkoen eduki informatiboetan beste urrats bat eman zuen joan zen astean. Floridan izandako tiroketaren inguruko emanaldia izan zen Twitterrek zuzenean eman duen lehenengoa. Asmoa da, 2018an zehar, antzeko gertakizunak daudenean sare sozialean bertan zuzenean emititzea. 

Twitterrek ez ditu emanaldiak ekoitziko; konpainiak tokiko telebistekin lortu ditu akordioak, eta elkarlanean arituko da albiste garrantzitsuenak emititzeko. Oraingoz Estatu Batuetan abiatuko du eredu hau, baina gutxinaka beste herrialde batzuetara zabaltzeko asmoa ei du. Kayvon Beykpour-ek Twitter-eko bideo gunearen zuzendari eta Periscopeko sortzaile denak baieztatu duenez, datozen hilabeteetan errepikatuko den ekimena izango da zuzeneko emankizunena.

Enpresaren datuen arabera, joan zen asteazkeneko emanaldiak milaka ikusle izan zituen, une batzuetan aldi bereko 50.000 ikusle izatera iritsi zelarik.

 

...............

Irudia: TechCrunch.

Erantzun

Sartu