Teknologia albisteak

Zeren arabera sailkatzen dira Instagrameko argitalpenak?

Erabiltzailearen aurpegia
2017-11-02 : 13:28

Sare sozialek izugarrizko indarra hartu duten garaian, milaka argitalpen aurki ditzakegu sarean. Azken urteetan erabiltzaileak areagotzen egon den aplikazioetako bat Instagram da. 2016ko martxotik algoritmoak erabiltzen ditu argitalpenak ordenatzeko, baina zer da hori zehazki? Zer nolako eragina dauka aplikazioaren funtzionamenduan?

700 milioi erabiltzaile aktibo ditu Instagramek hilean, beraz argi dago argitalpen kopurua ere ikaragarria dela. Hainbeste informazio izatearen ondorioz, erabiltzaileek edukien %70a galtzen dute. Hori ekidin nahian jarri zuten martxan algoritmoen erabilera.

Zer da Instagrameko algoritmoa?

Sare sozial honen lehenengo sei urteetan, argitalpenak alderantzizko ordena kronologikoan azaltzen ziren, hau da, eduki berrienak agertzen ziren zerrendan lehenak, inolako kriteriorik gabe.

Hori ekidin eta erabiltzaile bakoitzari bere gustoko edukiak eskaintzeko asmoz, 2016ko martxoan algoritmoen erabilera jarri zuen martxan Instagramek. Hala ere, erabiltzaileei ez zitzaien ideia ona iruditu; 24 ordutan 70.000 sinadura batu zituzten Change.orgen. Alabaina, eskaera honi muzin egin eta funtzionamendu honekin aurrera jarraitu zuten.

Jendea honen aurka azaldu arren, Instagramen esanetan algoritmoen erabilerak “atsegin dut” eta iruzkinak areagotu ditu. Erabiltzaileen kopuruak ere gora egin du.

Instagram

Zein da algoritmoen funtzionamendua?

Erabiltzaileen intereseko argitalpenak azpimarratu eta lehen lerroan jartzean datza 2016an egindako aldaketa honek. Hori dela eta, zerbait argitaratzeko orduan, kontuan izan behar da jarraitzaileen gustu eta interesak zeintzuk diren. Baina beste faktore batzuek ere berebiziko garrantzia dute:

  • Ordutegia

Nahiz eta argitalpenek ordena kronologikoa ez izan, eduki fresko eta aproposak lehenetsiko ditu Instagramek. Guzti hau kontuan izanda, une egokia bilatu beharko da ahalik eta hartzaile gehiagorengana iristeko. Momentu onena zein den jakiteko, Metricool oso baliabide erabilgarria izan daiteke. Jarraitzaileen ordutegi aktiboenak aztertzeko aukera ematen du eta honek edukien optimizazioa ahalbidetzen du.

  • Interakzioa

Esan bezala, “atsegin dut” eta iruzkin asko dituzten argitalpenak lehenetsiko ditu Instagramek. Bi gauza horiei garrantzia ematen dion arren, gehiago zentratuko da iruzkinetan, hauek idazteak denbora gehiago eskatzen baitu eta beraz, erabiltzaileak interes berezia jarri dio argitaratutakoari. Interakzioa argitalpena igo eta denbora gutxira hasteak ere mesede egingo dio erabiltzaileari. Izan ere, garrantzi berezia duela antzemango du aplikazioak.

  • Harremanak

Algoritmoen erabilerak jarraitzaile gutxi dituzten erabiltzaileak kaltetu ditzakela komentatu izan da. Hala ere, ez da guztiz egia. Segun eta beste erabiltzailearekin zer nolako harreman eta interakzioa duzun, Instagramek lehenetsi egingo ditu bere argitalpenak. Hala, zure ingurukoek igotzen dituzten edukiak ikusi ahal izango dituzu, pertsonaia famatu edo jarraitzaile asko dituzten kontuen aurretik jarriz.

  • Perfil bilaketa eta partekatzeak

Perfil konkretuak bilatu edo mezu zuzen bidez norbaitek argazkiak partekatuz gero, Instagramek zure interesak zeintzuk diren ezagutzen du. Informazio horretaz baliatuko da aplikazioa eta erabiltzaile horiek ere lehenetsi egingo ditu.

Zer egin posizionamendu onean egoteko?

Hau kontuan izanda, publikazioak leku onean izateko estrategia ezberdinak erabiltzea interesgarria izan daiteke. Hona hemen nabarmentasuna lortzeko zenbait gomendio:

  • Ezagutu zure jarraitzaileak

“Atsegin dut” eta iruzkinek zer nolako garrantzia duten kontuan izanda, beharrezkoa da jarraitzaileak ezagutu eta beraien gustuak zeintzuk diren jakitea. Beraien perfila ezagutzea ere garrantzitsua da; ez da berdina jende gaztearengana edo helduengana zuzentzea, esaterako. Bizitokiak ere eragin dezake jarraitzaileek kontsumitzen dituzten edukietan.

  • Formatu bisual anitzak

Instagramek hainbat aukera ematen ditu edukiak igotzerako orduan: irudiak, hainbat irudi argitalpen bakarrean, bideoak… Erabiltzaileak baliabide horiek konbinatuz jarraitzaileen interesa piztu dezake. Kontua dinamikoa egiteko aukera eskaitzen du, monotoniari aurre eginez.

Instagram

  • Eduki anitza

Formatu bisualen aniztasunaz gain, eduki anitzak izatea ere oso interesagarria da jende askorengana iritsi, jarraitzaileak lortu eta posizionamendua hobetzeko.

Instagramen algoritmoen erabilera ezagututa, animatu zure edukiak kuadeatu eta ahalik eta posizionamendu onena lortzera!

Erantzun

Sartu