Sare sozialak baliabide eta aukera berriak eskaintzen ari dira erabiltzaileei ahalik eta zerbitzu onena emateko. Enpresa, negozio eta enpleguari zuzendutako komunitate soziala den LinkedIn ere lehia hortan murgildu da, bideoetan filtro geolokalizatzaileak jartzeko aukera eskainiz.
LinkedInek ere filtro geolokalizatzaileen aldeko apustua egitea erabaki du. Snapchat edo Instagramen eredua jarraituz, ekitaldi konkretuetarako baliabide hau erabiltzeko hautua egin dute. Abuztu erdialdean bideoak igotzeko aukera eskaini zuen LinkedInek eta horri gehigarri bat jarri diote filtroekin.
Azken asteetan hainbat proba egin ostean, orain jarri dute martxan filtroak txertatzeko aukera. Momentuz, ekitaldi batean bakarrik izan da posible hauen erabilera; Grace Hopper Celebrationen, hain zuzen ere.
Filtroak intsigna itxurakoak dira eta hauen eraketa LinkedIneko langileen ardura da. Oraindik behintzat erabiltzaileek ez dute halakorik sortzeko aukerarik.
Nobedade honen bitartez, horrelako ekitaldietan parte hartzen dutenen bideoak ikusgai jarri nahi ditu LinkedInek, sareari haize freskoa emanez. Izan ere, gehien partekatzen diren edukiak bideo bidez eginikoak izaten dira eta hori indartu nahi izan dute.
Erabiltzaileek bideoak igo, filtroak jarri eta iruzkinekin parte hartzeko beta izango dute.
Hasiera batean ez zirudien filtroen kontua sare sozial profesionaletara iritsiko zenik, baina denborarekin eta poliki-poliki horra ere iritsi da. Askotariko baliabideak bildu eta ahalik eta zerbitzu onena emateko lehian da LinkedIn ere.
Denbora gutxian izugarrizko indarra hartu du sare sozialetara bideoak igotzeak. Geroz eta jende gehiago batu da “moda” honetara. Snapchat izan zen bideo laburrak igotzeko aukera eskaini zuen lehenengoa. Honen arrakasta ikusita, Facebook eta Instagramek gauza bera egiteko hautua egin zuten.
Gai honetan aditu direnak harrituta zeuden hain denbora luzez LinkedInek baliabide hau eskaini ez duelako. Izan ere, bideoak egiteko eta ikusteko aukera eskainiz, erabiltzaileek denbora gehiago igarotzen dute plataformaren barruan.
Aurretik zituen aukera eta bereizgarriez gain, bideoak txertatzearen erabakia Microsoftek LinkedIn erosi eta hilabetera iritsi da.
Erantzun
Sartu