Teknologia albisteak

Teknologia, errefuxiatuen migrazio eta integrazioan laguntzaile

Erabiltzailearen aurpegia
2017-03-10 : 08:28

Teknologiak, eta bereziki, sakelako telefono eta sarerako sortutako zerbitzuek, baliabide egokia bilakatu dira errefuxiatuak eta hauei laguntza ematera joan direnen hiritarrei lan, antolamendu eta kudeaketarako aukerak eskainiz. Teknologia gizakien beharren zerbitzutan jarri da. Hau izan beharko litzateke, berez, honen lehenengo helburua. Hemen bildu ditugu martxan jarritako egitasmo batzuk eta teknologia alorreko AEBetako enpresa erraldoiek hartutako konpromisoak.

Munduko hainbat tokitan, internetaren sorrera etorkizun oparo eta itxaropentsu baten itxas-argitzat hartu zen. Berdintasun soziala bultzatzeko baliabidea bilakatu zitekeen. Hala ere, kultura digitala sare komertzialen balorean oinarritzen den bitartean, ziber-espazioaren ondarea gizatiar izaerako ekintzen mesedetan gauzatu daiteke. Egun, komunitate teknologikoak erantzuna eman dio errefuxiatuen krisiari eta modu globalean eragina izan duen ekimena bilakatu da.

2011tik aurrera 9 milioi siriarrek inguruko beste herrialdetara emigratu behar izan dutela estimatzen da. Desplazatuak dira, asko traumatizatuta daudelarik, senitartekoen bila eta harrerako gizarte berri horretara moldatzen eta integratzen saiatzen. Europak bere populazioaren aldaketa handi bati aurre egin beharko dio; ondoren beste herrialde batzuk egoera berdintsuan izango dira.

Baina zorionez, gizatiar sentsibilizaziodun hainbat programatzaile eta aplikazioen garatzaileak dagoen informazioa antolatzeko tresnak, produktuak eta baliabideak sortu dituzte, migrazioa erraztu eta integrazioan laguntzeko mota ezberdinetako baliabideak eskainiz. Horietako batzuk ezagutuko ditugu.

Aplikazio eta baliabideak

Tarjimly

Tarjimly sakelako telefonoetarako aplikazio berria da, duela aste bat martxan jarria. Aplikazio honek bolondreseko itzultzaileak eta etorkinak konektatzen ditu eta beste edozein hirugarren eragile batekin etorkinen komunikazio beharrak ahalbidetzen ditu, mediku, erakunde laguntzaileren bateko kide, ordezkari legala edo harrera egiten dion herriko edozein eragile. Aplikazioak Facebook Messenger bidez funtzionatzen du eta telefono bat erabiliz aldibereko itzulpenak egitea ahalbidetzen du: mezu bat bidaltzen zaio aplikazioari, dagokion hizkuntza aukeratuz eta aplikazioak hizkuntza hori menderatzen duen itzultzailearekin lotuko ditu.

Mundu osoko bolondreseko itzultzaileek izena eman dezakete aplikazioan eta zenbat eta zein hizkuntza hitz egiten duen adierazi. Lehenenengo astean 1100 erabiltzailek eman dute izena.

Aplikazio honen sortzaileak hiru lagun musulman-iparramerikarrak dira. Aurreko urtean Europan ibili ziren errefuxiatu guneetan laguntzaile gisa eta aplikazioa sortzea okurritu zitzaien, esperientzia horretatik ateratako ondorioa euren egunerokoan ordu asko itzulpenak egiten ematen zutelako.

UniversalDoctor Project

Antzeko helburua du egitasmo honek: Universal Doctor Speaker aplikazioak hizkuntza ezberdinak hitz egiten duten gaixo eta osasuneko profesionalen arteko komunikazioa modu erraz eta doakoan ahalbidetzen du.

Refugee Aid

Refugee Aid aplikazioari esker errefuxiatuek martxan dauden laguntza motak ikus ditzakete eta euren kokapenetik hurbilen daudenak identifikatzen ditu. Bestalde, IAGak eta erakundeek aukera daukate euren zerbitzu eta baliabideen berri emateko, mota eta lokalizazioaren arabera. Eta geokokapena aprobetxatuz, errefuxiatuen telefonoetara abisu eta jakinarazpenak bidali ditzakete.

Honek laguntza banatzeko lanean eraginkorragoak izateko bidea erraztu du eta aparteko kostuen murrizketa erakarri du. Shelley Taylor, aplikazio honen sortzailearen esanetan, siriar errefuxiatuen %85ak smartphone edo telefono adimentsuak erabiltzen ditu. Askok, WhatsApp eta Facebook erabili izan dute ibilbideak sortu eta jarraitzeko.

RefugeeAid-aplikazioa

Entrepreneurial Refugees

Entrepreneurial Refugees webguneak errefuxiatu eta inbertitzaileen arteko zubi lana egitea du helburu. Kasu honetan errefuxiatu ekintzailea da bere oinarria eta negozio berrien sorreran lagundu nahi du. Plataforma kolaboratzailea da: kideek euren ideia eta egitasmoak agertzen dituzte eta jagoleek ebaluatuko dituzte. Australiako Estatistiken Bulego Ofizialak eskainitako datuen arabera, herri horretara heldutako errefuxiatuek, proportzioan, euren kabuz sortutako enpresekin diru sarrera kopuru handiagoa aitortu dute.

MetaCollect

MetaCollect datu baseari esker errefuxiatuek euren egitasmoen berri eman dezakete eta aplikazioak zuzenean beste datu base batzuetara zabaltzen du. Horrela, informazio bilketa zentralizatua bideratzen da. Errefuxiatuek leku bakar batean zabaltzen dute euren ekimena eta horrela denbora eta kudeaketan aurrezten da. Datuen arabera, aplikazio honek 600 ekimen baino gehiago bideratu ditu, Alemanian batik bat.

Egitasmoen izaera edo helburuei dagokionez, denetarik aurki daiteke: hezkuntza arlokoak, integraziorako baliabideak (hizkuntza ikasteko ikastaroak), informazioa bideratzeko baliabideak, galdera-erantzunetan oinarritutako guneak.

Garapenak

Refugee Fist Response Center

Arlo digital eta sareko zerbitzuak eskaintzen dituen Cisco System enpresak Hanburgon ekimen bat bideratu zuen errefuxiatuentzako telemedikuntza ikerketa bat. Hanburgoko mota ezberdinetako zenbait eragile bildu zituen ekimen hau aurrera ateratzeko: erakunde gorenak (Hanburgoko Udala) eta medikuntza arloko zerbitzuez gain (Hanburgoko Eppendorf Unibertsitate Ospitalea), arlo pribatuko enpresak ere batu zituen (SAVD, Avodaq, MLOVE, besteak beste).

Ekimen honi esker Ciscoren teknologia erabiliz funtzionatzen zuen arreta medikurako lehen mailako zerbitzua eskaintzen zuen kontainer erraldoia sortu zuten. Horrela, Unbertsitate Ospitaleko mediku eta errefuziatuen arteko aldibereko itzulpena ahalbidetzen du sitemak, tele-konferentzia eta onlineko itzulpen baliabideei esker.

WeatherHYDE kanpadenda

Egitasmo hau Kickstarter plataforman martxan jarritako ekimenari esker gauzatu ahal izan zen, 2016ko azaroan 145000$ biltzea lortu ondoren. Kanpadenda hau bi aldetatik muntatu ahal da: alde batetik beroa gordetzen du eta hotzetik babesten du; beste aldeak, ostera, berotik babestea du helburu eta barruan tenperatura fresko egonkorra mantentzea.

Ekimen honen helburua ume eta helduen bizitza salbatzea da, babesa eskaintzea eta batez ere tenperaturak bortitzak direnean baliabide erabilgarria bilakatzea.

weatherhyde kanpadenda

Irisaren eskaneatzearen bidezko ordainketa sistema

2015eko bukaeran Nazio Batuetako Elikagaien Mundu Mailako Programak Jordaniako errefuxiatu siriarren kanpamenduan egitasmo berritzailea martxan jarri zuen. Ordainketak bideratzeko irisaren eskaneatze sistema sortu zuen. Lehenengo saiakera horrek jasotako arrakasta ikusi ondoren, beste kanpamentutara zabaldu zen.
Nazio Batuko Erakundearen esanetan, sistema honek segurtasun handiagoa eskaintzen du eta honen bidez ia 80.000 errefuxiatu siriarrek erakundeak esleitzen dizkieten produktuak jaso ditzakete.

 

Dron jangarria

Urte honetan zehar Pouncer izeneko dronaren egitasmoa gauzatu eta produzitzeari ekingo zaio. Ekimen hau Windhourse Aerospace enpresaren eskutik dator eta helburua da laguntza eta produktu ezberdinak errefuxiatuen gunetara helaraztea, baina baita tripulaziorik gabeko hegazkina ere guztiz aprobetxagarria bilakatzea. Osagaiak helburu eta funtzio ezberdinak izatea lortu dute enpresa honetan.

Horrela, hegoak babeserako erabil daitezke eta egitura jangaiak kozinatzeko erre daiteke.

Gainera, aukera dago ere dronaren hegoak jangarriak bilakatzeko.

 drona

Babeslekua bihurtzen den berokia

The Empowerment Plan irabazi asmorik gabeko erakundeak babeslekua bilakatzen den berokia sortu du: jaka da baina lo egiteko zakua bihurtu daiteke. Materiala birziklatuaz eginda dago eta bustiezina da.

Gainera, 100$-eko ekarpena eginez, edonork babestu dezake egitasmoa eta diru kopuru hori jasotzen dutenean berehala ekoizten dute.

 

Biometria bidezko erregistroa

Hego Sudanean ACNUR-ek hatz-markak hartzeko teknologia digitala erabiltzen du. Biometria erabiliz, errefuxiatuen zerrendatzea eta kudeaketa askoz errazago bideratzen da eta baliabideak hobeto erabiltzea ahalbidetzen du. Bide batez, izen ematearekin batera, dagoeneko erregistratuta dauden kideen kudeaketa eta laguntza eskaintzea bideratzea behar zehatzetara egokituz egiten da: datuak etengabe eguneratzen dira, erregistroak behin bakarrik egin behar dira eta behar bereziak dituzten lagunei arreta berezia jartzea bideratzen da.
Erakundeak informazioa eguneratuta dauka eta kanpamentu ezberdinei buruzko datuak gordetzen ditu. Gainera, geokokapenari esker kanpamentu bakoitzeko gora beherak modu automatizatuan jasotzen dituzte. Horrela, erabakiak azkar hartzeko tresna baliagarria da.
 
 

MeshPoint

Kroaziako errefuxiatuei baliabideak eskaintzeko ekimena izan zen MeshPoint. Honen bidez, motxila batean modem bat eta pilekin funtzionatzen duen WiFi routerra gordetzen zen. Gaur egun krisi eta larrialdi egoerei aurre egiteko baliabidea bilakatu da.

Software libreaz egindako garapena da eta egoera klimatiko baldintzarik gogorrenei aurre egiteko gai da. Internet zerbitzua 150 lagunei aldi berean eskaintzeko prestatuta dago, router arruntek baino hiru bider gehiago.

 

Open Migration

Open Migration aplikazioak datu zabal eta infografiak partekatzen ditu, migrazioak modu zuzen eta eguneratuan jarraitu ahal izateko.

 

Texting Syria

Liam Maloney (@maloney) argazkilaria bi urtetan zehar siriar errefuxiatuen bizitza dokumentatzen ibili zen. Lan horren emaitza Texting Syria egitasmoa da, bideo eta argazki bilduma interaktiboa. Honetan Maloney-k teknologiak eta batez ere sakelako telefonoek errefuxiatuen kanpalekutan daukaten garrantzia eta eskaintzen dituzten baliabideak aztertu eta erakutsi nahi izan ditu.

GeeCycle

GeeCycle egitasmoaren helburua da mundu osoan zehar sakelako telefonoak bildu eta errefuxiatuei helaraztea. Aplikazio hau Londonen ospatu zen TechFugees Hack  jaialdian sortu zen. Mundu osoko sakelako telefonoak bildu eta errefuxiatuen artean banatzen ditu, gizartea inplikatuz.

Google Project Reconnect

Google Project Reconnect egitasmoa NetHope eta Google.org-ek sortu zuten elkarlanean. Honen helburua,  interneteko baliabideak erabiltzea errefuxiatuak komunitate berrian integratzeko tresna bezala. Ekimen honi esker, Google-k Alemanian errefuxiatuei laguntzen dieten irabazi asmorik gabeko elkarteen artean 25000 Chromebook ordenagailu banatu zituen. Ordenagailuak errefuxiatuei bizimodu berrira egokitzeko tresna izan ziren, informazioa eskuratu eta heziketarako baliabide bilakatuz.

Teknologia arloko enpresa erraldoi ipar-amerikarren ekarpenak

2016ko udaberrian AEBetako aurreko gobernuak mundu mailan erraldoiak diren Ipar Ameriketako zenbait enpresa biltzea lortu zituen, euren baliabide eta teknologiak errefuxiatuen aldeko ekimen ezberdinetan gauzatzeko konpromisoa lortuz.

Hauek dira horietako batzuk, enpresarik nabarmenenak eskaini dituzten laguntzak.

Facebook

Greziako 35 kokapenetan doako WiFi zerbitzua eskainiko duela adierazi zuen. Gainera, sare sozialean dirua biltzeko kanpaina eta baliabideak martxan jarri ditu.

Microsoft

Berrikuntza zentro bat sortuko duela adierazi zuen, errefuxiatuei gaitasun tekniko eta enpresarialak eskaintzeko.

HP

Antzeko ekimena jarriko duela martxan iragarri zuen, Libano eta Jordanian ikaskuntza zentroak zabalduz, haur eta helduentzat heziketa teknologikoa eskainiko dituztenak.

Coursera

Irabazi asmorik gabeko erakundeekin akordioak lotuko ditu, unibertistateen bidez doako 1000 ikastaro baino gehiago antolatzeko.

LinkedIn

AEBetako langileak hautatzeko enpresekin akordioak lotuko dituela iragarri zuen, errefuxiatuei lan eskaintza gehiago egiteko helburuarekin.

IBM
Europan zehar dauden etorkinak laguntzeko konpromisoa hartu zuen.

TripAdvisor
Diru dohaitzak egingo dizkio zenbait erakundeei.

Twitter
Doako publizitatea eskainiko dizkio Europa eta AEBetako Irabazi Asmorik Gabeko zenbait erakundeei.

Erantzun

Sartu