Teknologia albisteak

Sutan, Zazkel, Hi Exekutibo eta Izeberg Banden Lehiako 8. edizioko talde finalistak !

Erabiltzailearen aurpegia
2016-10-25 : 13:19

Azkue Fundazioak antolatzen duen Banden Lehia musika txapelketako 2016eko zortzigarren edizioan22 taldek eman dute izena. Banden Lehia euskal musika sustatzen duen lehiaketa da. Banda amateurrik onena saritzen du, tokiko taldeak ezagutzera emanez eta, bide batez, euskal musika sarean ere zabalduz.

Irailaren 26a eta urriaren 21a bitartean euskaraz musika sortzen duten taldeek Banden Lehian izena eman, euren datuak eta musika igo www.bandenlehia.eus era eta internet bidez botoak jasotzeko aukera izan dute.

Zortzigarren edizio honetan aniztasuna nagusi izan da, bai jatorri aldetik eta bai musika estilo aldetik ere. Lehenengoari erreparatuz, Hego Euskal Herri eta Nafarroatik heldutako taldeez gain, aurten ere,iparraldeko talde batek eman du izena baita ere. Eta estiloari erreparatuz, anitza izan da aurkeztutako taldeek jotzen duten musika: ska, metal, reggae, pop, rock…

Bestalde, aurtengo epaimahaia Ritxi Aizpuruk [musika editorea; Baga Biga diskoetxeko arduraduna],Ines Osinagak [Gose taldeko kidea], Zuriñe Maguregik [Gaztezulo aldizkaria] eta Aritz Gonzalezek [Last Tour International]osatu dute.

Publikoaren botoei esker, 18.559 botoekin, Bilboko Sutan taldea izan da aukeratua eta epaimahaikideek beste hiru talde hauek aukeratu dituzte: Bilboko Zazkel, Zumarraga-Urretxuko Hi Exekutibo eta Usurbileko Izeberg.

Banden Lehia 8.edizioko finala azaroaren 25ean ospatuko da Bilborocken. Lau talde hauek zuzeneko kontzertuak eskainiko dituzte eta gaua bukatzean aurtengo edizioko irabazlea zein den jakingo dugu.

Taldeek publikoaren laguntza behar izango dute berriro ere beraien aldeko botoak eskuratzeko eta epaimahaikideek bertan izango dira baita ere kontzertuak ikusten.

Finala publikora zabalik izango da eta Enkore taldeak kontzertua eskainiko du doan.

Erantzun

Sartu