Teknologia albisteak

Azkue Fundazioak eta Euskal Kultur Erakundeak Irudimena lehiaketaren hirugarren edizioa antolatu dute

Erabiltzailearen aurpegia
2013-02-28 : 09:52
Irudimena lehiaketako 2013ko edizioa martxoaren 1etik maiatzaren 15era ospatuko da. Lehiaketa honen helburua euskal kulturaren inguruko sormena bultzatzea da gazteen artean, literaturan, grafismoan eta soinu sorkuntzan. Hirugarren aldiz elkartzen dira bi erakunde euskaldunak, muga administratiboak gaindituz egitasmo hau aurrera ateratzeko asmotan. Oraingoan ere euskarria internet izango da eta berrikuntza batzuk sartu izan ditugu edizio honetan. Aurreko edizioetan parte hartzea nabarmena izan genuen, bai Ipar eta bai Hego Euskal Herritik ere eta sari banaketa ekitaldia Bilbon ospatu genuen. Aurtengoan ere Bilboko Rekalde Aretoan izango da ekitaldia.

Lehiaketa

Urtero bezala, lehiaketak sormena saritzen du, baina aurtengo edizioan berrikuntzak ere baditu, aurreko edizioekin konparatuta. Honela, aurtengo oinarria eta abiapuntua soinuak izango dira: antolatzaileek proposatutako zortzi soinuetatik bat aukeratu eta parte hartzaileek sormenari eragin eta lan berri bat aurkeztu behar dute, hiru euskarri hauetako batean: soinu berri bat, irudi edo grafika bat eta testu bat. Oinarritzat proposatutako soinuak soinumapa.net egitasmotik hartu izan dira eta Creative Commons lizentziapean (Aitortu 3.0) daude.

Eta parte hartzeko sortu behar diren lan berri horiei dagokionez: soinu berri bat sortu ezkero, hau edozein motatakoa izan daiteke: musika, kantua, nahasketa...); testua ere edozein formatu eta generokoa izan daiteke (poesia, narrazioa, deskripzioa, bertsoak, nanoliteratura – adibidez twiteratura – …); eta irudi berriaren kasuan ere askatasun osoz sor dezake parte hartzaileak (argazkia eraldatuz, marrazki bat edo margo bat eginez, 3D-ko irudi bat sortuz…).

Beraz, imajinatzeko eta sortzeko askatasuna, orijinaltasuna eta mezuaren helburua izango dira saritzeko irizpideak.
Parte hartzea irudimena.com webgunearen bidez bideratuko da, bertan bete beharko den inprimaki baten bidez. Parte hartuko duten lan guztiak webgune honetan argitaratuko dira ere eta epaimahai batek aukeratuko ditu lehiaketako modalitate bakoitzean (soinu sormena, sormen literarioa eta sormen grafikoa) hiru lanik onenak. Arlo bakoitzean puntu gehien lortuko duten lehen hirurak sarituko dira. Beraz, guztira bederatzi sari.

Epeak eta sariak

Lehiaketan parte hartzeko epea martxoaren 1ean hasi eta maiatzaren 15era bitartean zabalik egongo da. 

Sari banaketa ekitaldia Bilboko Rekalde Aretoan izango da ekainaren 8ko goizean.

Sariei dagokionez, lehiaketako modalitate bakoitzean lehenengo, bigarren eta hirugarren saria egongo dira. Sariak Fnac dendetan gastatzeko diru-txekeak izango dira: 300 eurotakoak modalitate bakoitzeko lehenengo postuan suertatzen direnentzat; 200 eurotakoak bigarrenentzat eta 100 eurotakoak hirugarrenentzat.

Erantzun

Sartu