Eusko Ikaskuntzako Asmoz Fundazioa, Jaime de los Ríos artista eta Bakarts enpresa Pilota Fandom proiektua gauzatzen ari dira, artea eta teknologia berriak uztartuz, pilota ikusle gazteekin konektatzeko erronkari ekiteko.
Eusko Ikaskuntzako Asmoz Fundazioak, Jaime de los Ríos artistak eta Bakarts enpresak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Susperka dirulaguntzaren jaso dute, eta hori dela-eta, Pilota Fandom proiektua gauzatzen ari dira, artea eta teknologia berriak uztartuz, pilota ikusle gazteekin konektatzeko erronkari ekiteko.
Belaunaldi berriak askotariko kanalen bildumagintza digitalera ohituta daude: bideojokoak, fantasy ligak, NFTak eta abar. Pilota Fandom horrelako baliabideetan inspiratzen delako, euskal pilota ezaugarri horietara egokitu nahi da ikus-entzule horien arreta bereganatu dadin eta, aldi berean, artearekiko interesa piztu.
Testuinguru horretan, kromo digitalez osatutako bilduma bat garatuko da Ane Zufiaurre Seijo artista gipuzkoarrarekin lankidetzan. Zufiaurre deialdi ireki baten bidez hautatu zuten, beste zortzi artisten artean. Ilustrazio horiek pilotari lotutako balioak izango dituzte oinarri, eta berariazko online plataforma batean egongo dira salgai. Era berean, Gipuzkoako euskal pilotako kirolariak irudikatuko dituzte, orotariko diziplinakoak denak, baita maila, adin eta genero askotarikoak ere.
Pilota Fandomek aurrekaria, izan, badu. Izan ere, nerabe eta natibo digitalei, arterako bidea irekitzeko sarbide berriak abiarazteko asmoz, Eusko Token proiektua martxan jarri zen, aurreko urtean. Horren ondotik, gaur egun, gero eta ezagunagoa den Blockchain teknologiaren bitartez, bertsogintza ardatz, lan egin zen. Azken batean, hiru bertsolarien kolaborazioekin, ekitaldi bat prestatu zen Donostiako Arteko Galerian, eta bertan botatako bertsoekin, gerora, NFTak sortu ziren. Oraingoan, dinamika bera erabilita, lantzeko gaia euskal pilota izango da.
Erantzun
Sartu