Duela hilabete batzuk erronka txiki bat ere ipini nion nire buruari, Eibarko mendi guztiak (edo hobeto, Eibarko mendiak mendilerroko mendi guztien tontorrak) zapalduta izatea urtebeteko epean. Eta uda honetan burutzea lortu dut, Mendiak aplikazioaren laguntzarekin. Hemen azalduta nola egin dudan.
Iazko maiatzetik aurtengo udarara izan da erronka, gehienbat Eibartik irten ezinda egon garen aldi horietan, gure inguruko haran eta mendiak arakatzen. Horixe baitzen helburu nagusia gailurrak igotzea baino: oraindik ezagutzen ez genituen paraje, erreka, iturburu, haran eta ermitak aurkitzea.
Mendiak aplikazioa erabili dut jarraipena egiteko (CodeSyntaxen garatu dugun tresna). Hantxe agertzen dira Eibarko mendiak izeneko mendilerroa eta mendilerro horren barruan dauden 34 mendiak.
Mendilerro txikia da, ganora mugatukoa, Eibarko hau. Gutxi gorabehera, Oiz, Arno, Izarraitz eta Irukurutzeta mendilerroen artean geratzen diren mendiek osatzen dute, hainbat herriren artean sakabanatuta eta ez benetako mendikate zuzen bat osatzen. Esan bezala, 34 mendi dira, horietatik gehienak tontor txikiak, garrantzi gutxikoak eta 500-700 metro ingurukoak. Urko da garaiena 795 metrorekin eta beste 11 tontor ere agertzen dira Mendi Federazioaren katalogoan eta puntuagarri dira 100 mendien lehiaketan.
Gure etxetik hasita 7 km-ko erradioan sartzen dira 34 mendi horiek. Erronka borobiltzeko, inguruko beste mendilerro batzuetako (Arno eta Irukurutzeta) mendi banaka batzuk ere igotzea erabaki genuen, betiere 7 km-ko erradio horren barruan bazeuden. Azkenean, 38 gailur izan dira igo ditugunak.
Erronka honetan neure herrikoekin lagundu dit Mendiak APPak, eta zuei ere lagunduko dizue zuen herri-inguruko mendiak ezagutzen eta igoerak apuntatzen. Oso aplikazioa erabilgarria da guretzat, bai Euskal Herriko mendien info praktikoa jasotzeko, zein norbere igoerak markatu eta estatistika historikoak gordetzeko. Ez baduzu ezagutzen, hementxe Android, Apple eta Mendiak.eus webgunea.
Eibarren egindako erronka honetaz informazio gehiago eta argazkiak neure blogean.
Erantzun
Sartu