Egun gutxi batzuk besterik ez dira falta Global Big Day izenez bataiatu duten ekimenerako. Munduko txorizale guztiak aktibatu nahi dira, guztiak batera mendira irten (edo auzoko lorategira, herriko parkera, itsasora,...) eta inoiz baino hegazti gehien behatu nahi dira txorizale guztien artean. Duela pare bat urtetik Cornell Unibertsitateak bultzatzen duen ekimena da, maiatzaren lehenengo asteburuan egiten dena mundu mailan. Bere helburuak dira hegaztienganako interesa piztea eta naturaren kontserbazioaren premia azpimarratzea (eta, bide batez, eBird.org plataforma sustatzea).
Hegaztien inguruko ikerketetan erreferentzia dira Cornell University eta bertako Cornell Lab. Eurena da, besteak beste, mundu osoko miloika hegazti behaketaren datuak biltzen dituen eBird datu-base eta webgune ezaguna. Milaka eta milaka txorizalek erabiltzen dute euren hegazti-behaketak gorde eta partekatzeko. Oraingo Global Big Day ekimen hau ere Cornell Lab honen ekimenez egiten da duela pare bat urtetik.
Iazko edizioa oso arrakastatsua izan zen. Mundu osoko 20.000 txorizale bildu zituen eta munduan dauden txori espezie guztien %65 ikusi ziren egun bakarrean. Aurtengo edizioa maiatzaren 5ean izango da, datorren asteko larunbatean, eta are arrakastatsuagoa izatea nahi dute. Helburua ez da errekorrak gainditzea, txorizaletasuna sustatzea baizik, eta bide batez, naturaren kontserbazioaren inguruko kezka sustatzea herritarren artean.
Parte hartzea ezin errazagoa da. Maiatzaren 5ean irten mendira, edo zure herriko parke batera, edo edonora (hegaztiak edonon baitaude). Apuntatu ikusi dituzun hegaztien zerrenda eta gehitu eBird.org plataforman. Aplikazio bat ere badu eBirdek hegazti-behaketak jaso eta sareratzeko; teknikoki ona, erraza eta eraginkorra. Merezi du probatzea.
Datu guztiak Global Big Day orrialdean argitaratuko dira egunean bertan, jaso ahala.
Txorizaleen artean aspaldi egiten dira Big Day izendatzen diren lehiaketa modukoak. Egun betean ea nork hegazti gehiago ikusi. 1970eko hamarkadan hasi ziren zabaltzen Estatu Batuetan eta azken urteotan gure inguruan ere gero eta ohikoagoak dira (maratoi ornitologiko izenez ezagunak, askotan). Orain arteko Big Day arrakastatsuena Ecuadorren egin zuten, egun bakarrean 431 espezie ikusi zituelarik ornitologo-talde batek. Ikaragarria!
Big Year izenekoak ere antzekoak dira: urte bete hartu ahalik eta hegazti gehien behatzeko. Gehienetan, ahal den neurrian, astia daukazunean; baina dadira hainbat txorizale, urte osoa berariaz horretarako hartzen dutena. Estatu Batuetan, esate baterako, aspaldiko ohitura da eta benetako zoramena sortzen du ("eromen" hori ondo jasotzen du, esate baterako, The Big Year filmak).
Larunbatean izandako #GlobalBigDay handiko behin betiko datuak eman dituzte: https://ebird.org/news/global-big-day-2018-a-birding-world-record. 6.899 txori-espezie behatu genituen 28.000 txorizalek eta 170 herrialdetan. Guztira 1,6 milioi txori zenbatu ziren. Espezie gehien, berriz, Kolonbian ikusi zituzten, 1.546 espezie ezberdin!!
Europa osoan 443 espezie ikusi ziren. Euskal Herri osoko daturik ezin dugu ezagutu, ebirdek ez duelako aukera hori ematen, baina Nafarroa Garaian 196 espezie ikusi ziren eta txorizale mordoak hartu zuen parte, eta EAEn 126 espezie behatu ziren. Ipar Euskal Herriko daturik ez dago.