Teknologia albisteak

Hegaztien migrazioa irudikatzen duten mapa animatuak

Erabiltzailearen aurpegia
2017-12-22 : 12:32

Gero eta gehiago dira hegaztien behaketak bildu eta erakusten dituzten webguneak. Horietako bat da EuroBirdPortal (EBP). Azken eguneraketaren ostean, hegaztien joan-etorriak erakusten dituzten mapak sortu daitezke. Milaka ornitologoren datuak bildu eta mapa dinamiko hauen bidez erakusten dituzte. 105 espezieren ibilerak marraztu daitezke, guztiak ere datu errealetan oinarrituta (ornitologoen behaketetan, alegia). "Hiritarren zientzia" deitzen den horren erakusleihorik handienetakoa da EuroBirdPortal. 

Lehendik ere bazituen EBPek mapa dinamikoak, baina aste honetan berritu egin dute mapak sortzeko tresna dinamikoa. Datu gehiago ere sartu dituzte, eta mapa mota ezberdinak sortzeko aukerak ere ugaritu egin dituzte. Datu-base honek biltzen dituen behaketa eta laguntzaileen kopurua ikusgarria da: 100.000 txorizaleren 200 milioi behaketa jasotzen ditu. Horrela, hegazti espezie nagusien hedadura geografikoa eta joan-etorrien (izan migrazio eta izan beste mugimendu batzuk) zehaztasun handiz ikus daitezke.

Hona hemen, esate baterako, negu-txirtaren (Anthus pratensis) eta uda-txirtaren (Anthus trivialis) aldea urtean zehar. Udan nahiko antzeko distribuzioa daukate, baina neguan erabat ezberdina (animazioa ikusteko egin klik irudiaren gainean).

Azken urteotan asko ugaritu dira hegazti-behaketen datuak biltzen dituzten webgune eta datu-baseak. eBird da mundu mailan ezagun eta zabalena; Ornitho.eus-ek, berriz, EAEko datuak biltzen ditu. Europa mailako datu gehienak, berriz, EuroBirdPortal honetan bateratzen dituzte. EBPren helburua da eskualde eta estatu mailan dauden beste datu-base batzuetako datu guztiak biltzea, hegaztien distribuzio espazio-tenporalaren aldaketak deskribatzeko eskala makroan (migrazioak, fenologia, mugimendu estazionalak,...).

Beste adibide bat, lertsun edo kurriloaren (Grus grus) migrazioa garbi-garbi adierazten duena:

 

Erantzun

Sartu