Teknologia albisteak

Gonorrearen eta koleraren arteko hautu gaitza

Erabiltzailearen aurpegia
2016-11-09 : 12:56

Dilema hori haizeratzen zuen Edwrd Snowden iheslariak AEBetan burutzekoak ziren hauteskundeen atetan. Asaldaturik esnatu gara munduko herrialderik boteretsuaren presidente berria milioidun xenofobo misogino bat izango dela jakitean. Esnatu gabe geundela eta amesgaizto bat baino ez zela ere pentsatu nahi izan dugu askok momentu batez, alternatiba amets goxoa balitz bezala. Errealitatea polarizatzeko joera instintiboa dugu ondo erroturik: lagun edo etsai, alde edo kontra, hil edo bizi, eskuina edo ezkerra. Eldarnio hutsak dira horiek, errealitatea modurik sinpleenean ulertzeko sinplismorik sinpleena.

Gizakiok oinarrizko senetara jotzen dugu geure burua mehatxaturik ikusten dugunean, zenbat eta espiritu kritiko eta prestakuntza intelektual gutxiago, hainbat eta gehiago, jakina. Orduan, interes pertsonalak kolektiboei nagusitzen zaizkie, etika neutralizatu eta deuseztatu egiten da autodefentsaren onetan. Honetaz baliatzen dira mugimendu erreakzionarioak, progresistak politikoki zuzen agertzeagatik (beren kontzientziarekin bakean edukitzeagatik ere menturaz) elkartasunaren leloarekin ihardukitzen dieten bitartean. Sute ikaragarria txiz purrustada batez amatatzen saiatzearen pareko ahalegin ezdeusa da hori, berriro ere frogatu berri denez. Sozilademokraziari, bere burua NATOri saldu zionez geroztik, arazoen eta injustizien erroetara jotzea ahaztu zaio, ordainez giza-eskubideen aldeko jarrera progresista batez estali behar duelarik bere gain harturiko lotsaizuna. Bidegabekeriaren ondorioei erantzun aurrerakoi itxurakoa eman, erroetara jo gabe, zer gerta ere. Ez doa askoz harago benetako ezkerra.

NATOren babespekoek Afrikan eta Ekialde Hurbileko ondasunez jabetzeko eta bide batez armagintzaren industriaren merkatua jori eta oparo mantentzearren bertan irazeki duten sutea eta ondoriozko sekulako miseria ez da konpontzen miloika errefuxiatu kiskaliri ateak zabalduz bakarrik. Ondorioei erroetara jo gabe aurre egiten saiatzea da hori, aurretik aipatu txizaldia haize alde egitea, beste hitzez esanik. Ongi dakite hori populista atzerakoiek.

Hilary Clintonek esku zuzena izan omen zuen beste batzuen hasiera izan zen Libiako sua pizten eta sutea xaxatzen. Trumpek desmarkatu nahi zan du hortik eta konponbide alternatiboa eskaini: siriar errefuxiatuei ateak itxi, Putinekin adiskidetu eta DAESHekoak garbitu. Siriarrek Siria erraustu baketuan bila dezatela gero babesa. Ez da ahaztu behar piromano lana egiten aritu direla momentuoro israeldar sionistak amerikarren laguntzarekin eta AEBetako komunitate judutarrak tradizionalki demokraten alde jokatu izan duela.

Afrikan eta Ekialde Hurbileko sua itzaltzeko modu bakarra erregai eta sutarako bazka gehiago emateari uztea da. Errausturiko eremuari bizitza berreman beharko zaio ondoren eta biktimei babes osoa eskaini bien bitartean, geure ateak parez pare zabalduz. Paradoxikoki hurbilago dago konponbide hori Trump xenofoboak proposatzen duenetik, Obama nobel saridunaren gobernuek babestu duten jarrera belizistatik baino. Ondo jakin du horrekin jendea limurtzen, ezkerrak betiko kontraesanetan itorik bere zilborrari begira jarraitzen duen bitartean. Orain etxeko suteari nola aurre egin asmatu beharko dute amerikarrek eta berehalaxe europarrok ere.

Erantzun

Sartu