Teknologia albisteak

XEREZADE ZUZENEAN!

Erabiltzailearen aurpegia
2014-01-08 : 10:45
Bihar, urtarrilak 9, osteguna, Xerezaderen Artxiboa literatur podkastak jende aurreko irakurketa saio bat egingo du Leioako liburutegian. Susan Glaspellen "Bere parekoen epaimahaia" ipuina irakurriko dute Harkaitz Canok, Izarne Cardabak, Edu Lartzangurenek, Jokin Gorozikak, Ana Moralesek eta Iñigo Roquek.
2011ko ekainean Xerezaderen Artxiboaren jaiotzaren berri eman genuen hementxe bertan. Orduan esaten genuenez, gure literatur podkastak aukera emango zizun munduko literaturarik onena euskaraz entzuteko.

Lehenengo atalean E. A. Poeren “Amontillado upela “eta “Bihotz salataria” narrazioak eman genituen, eta bigarrenean Charlotte Perkins-Gilman-en “Hormako paper horia”. Harrez gero hainbat idazleren (eta itzultzaileren) lan bikainez baliatu gara irakurketa ozenaren plazera zeuri eta geure buruari emateko: Maupassant, Borges, Neruda, Malcolm X, Susan Glaspell, Bilintx. F. S. Fitzgerald, Iban Zaldua, Patricia Highsmith, Javier González de Durana, Virginia Woolf, Kirmen Uribe, Fernando Pessoa, Katherine Mansfield, Flannery O´Connor, Shirley Jackson, A. Conan Doyle, Luistxo Fernandez, John Cheever, Grace Paley, Etgar Keret, W. W. Jacobs, Anton Txekhov, Raymond Carver... batzuk besterik ez aipatzearren.

 Xerezaderen Artxiboa bi lagunek egiten dugu: Jasone Larrinagak eta Ana I. Moralesek, Bilbo Hiria Irratiko estudioan eta gure etxeetan. Ezin dugu behar bezala eskertu Bilbo Hiria Irratiko kideen eskuzabaltasuna, eta orain arteko denboran gure gonbiteari hain ondo erantzun dioten irakurle gonbidatuen eta itzultzaile eta idazleen laguntza paregabea. Gozamen hutsa da haiekin guztiekin Xerezaderen Artxiboa egitea.

2012ko azaroaren jende aurreko lehen saioa egin genuen, Xerezadejaia izenarekin, Bilboko Hika Ateneoan, luxuzko gonbidatuekin: Goizalde Landabaso, Luistxo Fernandez, Iñigo Roque eta Iban Zaldua. Gau hartako gozamena gogoan hartuta, berriz ere zuzeneko saio bat egitea erabaki dugu, datorren ostegunean, urtarrilak 9, Leioako Udal Liburutegian, eta berriz ere laguntza ezin hobea izango dugu: Harkaitz Cano, Izarne Cardaba, Edu Lartzanguren, Jokin Gorozika eta Iñigo Roque etorriko dira gurekin irakurtzera. Eta testua, primizia izango da euskaraz: Susan Glaspel idazle estatubatuarraren "Bere parekoen epaimahaia".
Xerezadejaia

Etorri etzi  Xerezaderen Artxiboa rekin batera literatura ozen irakurtzearen poza ospatzera,  eta gonbidatu zure lagunak, auzoak, ikasleak, irakasleak, senide, ezkontide eta maitaleak! Ostegunera arte!

Erantzun

Sartu