Sustatu logoa Teknologia albisteak

Jaio da Xerezaderen artxiboa!

Xerezade
2011-06-16 12:06

Podcasta zer den? Ba, entzuteko blog antzekoa: astero, literatur testuen audio bat jarriko dugu sarean mundu guztiaren esku (narrazioak, olerkiak, hitzaldi gogoangarriak...), betiere euskaraz, on line entzuteko edo zure mp3ra, Ipodera edo telefonora jaitsi eta nahi duzunean entzuteko.

Bilbo Hiria Irratiko estudioan grabatzen ditugu gure podcastaren atalak, eta irratsaio moduan ere emititzen dira, astelehenero arratsaldeko 5.00etan.

Lehenengo atala ekainaren 6an emititu zen. Edgar Allan Poeren "Amontillado Upela" eta "Bihotz salataria" izeneko ipuinak dira, Koro Navarroren euskarazko itzulpenean. Ekainaren 12an bigarren atala plazaratu genuen: Charlotte Perkins-Gilmanen "Hormako paper horia", Ana Moralesek itzulia. Bi audioak eskuragarri dituzu Xerezaderen Artxiboan

Xerezaderen egileok eskerrak eman nahi dizkiegu Bilbo Hiria Irratiari bere estudioa erabiltzen uzteagatik eta hango teknikarien laguntzagatik. Eskerrik asko, era berean, Joxe Aranzabali eta Grego Hernandez Pirisi podcasta sortzeko aholku teknikoengatik.

Eta orain, jaitsiko al gara Veneziako palazzo bateko sotoetara kopatxo bat amontillado goxo-goxoa hartzera? Edo, beharbada, nahiago izango duzu hormako paper bitxi hori ikusi...?

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu