Teknologia albisteak

Sakelako gailuetarako aplikazioa aurkeztu du aiaraldea.com web-guneak

Erabiltzailearen aurpegia
2013-06-18 : 14:38

Aiaraldea Komunikazio Leihoak Aiaraldea eskualdean euskararen sustapenerako bide berria zabaldu du, sakelako aplikazioa. Aplikazioa Android eta IOS sistema eragileak dituzten gailuetarako egokituta dago, Google Play zein App Store denda digitaletan eskura liteke dohainik.

Komunikatzeko ohiturak asko aldatu dira

Komunikatzeko moduak asko aldatu dira azken hamarkadetan, lehen jendeak ferietan, tabernetan, herriko plazetan topo egiten zuen, gero etorri ziren irratia, telebista, telefonoa... Egun hamaika tresna eta gailu dituzte herritarrek inguruan gertatzen dena ezagutzeko, iritziak konpartitzeko... Hamaika hizkuntza sarean, eta sakelean...

Aiaraldea.com web-gunearen aplikazioa

Orain, Aiaraldeko tokiko informazioa eta komunikazioa ere sakelakoan euskaraz izateko aukera eskaintzen du Aiaraldea Komunikazio Leihoak. Aiaraldea.com-en aplikazio berria eskuragai dago denda digital garrantzitsuenetan, app store-en IOS sistema eragilea duten gailuen kasuan, eta google play-n android dutenen kasuan, euskarazko tokiko informazioa klik batean eskuragai...

Aplikazioa instalatzea oso erreza da, denda digitalean “aiaraldea.com” bilatu, deskargatu eta instalatu.

12 atal eta funtzionalitate

Aplikazioa irekita, hainbat funtzionalitate izango ditu erabiltzaileak eskura: azken albisteak ikusteko aukera, argitaratutako bideoen zerrenda eta loturak, argazkiak, agenda deialdiak, kultur proposamenak irakurri edo entzuteko aukera, bai eta sare-sozialetan zabaltzen ditugun edukiak irakurri eta partekatzekoa ere.

Aiaraldea Irratia zuzenean eta nahieran entzuteko aukera

Duela hilabete batzuk Aiaraldea Komunikazio Leihoak tresna berria jarri zuen sarean eta uhinetan, Aiaraldea Irratia. Aplikazioan topatuko daiteke orain irratia zuzenean entzuteko aukera, 24 orduz, euskaraz.

Bertan ekoizten diren irratsaioak ere kontsultatu eta entzun ahal izango dira nahieran; historia, hezkuntza, gomendioak, aisia, musika... hamaika irratsaio eta eduki klik bakar batean.

Berri-emaile izateko aukera

Era berean berri-emaile ere izateko aukera ematen du aplikazioak: aiaraldea.com-en erredakziora deitu edo posta mezu bat idazteko aukera ematen baitu, klik batera Aiaraldea.com-en komunikazio Leihoa zabalik.

Sakelako gailuetarako beste plataformak: Google Currents eta Flipboard

Aplikazioa ez da baina sakelako gailuetan aiaraldea.com-en edukiak jasotzeko aukera bakarra, flipboard eta Google Currents bezalako tresnetan ere tokiko informazioa eskuragai aurkituko du erabiltzaileak interesekoak zaizkion beste eduki eta iturriekin batera.

 

Erantzun

Sartu