Teknologia albisteak

Euskarazko Palindromoen 4. lehiaketa deitu du AED elkarteak

Erabiltzailearen aurpegia
2013-12-18 : 16:13
Gaur hasi eta 2014ko otsailaren 15a bitartean, Euskal Herriko Palindromo onena sortzeko gonbitea luzatzen dizuegu Arrasateko AED elkartetik. Aurtengoarekin lau dira lehiaketak bete dituen edizioak.
Sariak bi izango dira:
  1. Euskal Herri mailako irabazleak egun ederra iragango du, beste lagun batekin batera, Debako Txindurri Iturri nekazalturismo eta sagardotegian, afari, logela eta gosaria barne dituela.
  2. Arrasatearrek aurkezturiko palindromo onenaren sortzaileak, berriz, Udala auzoko Uxarte jatetxeak oparitutako bi lagunentzako afaria irabaziko du.

Kroniken arabera, Ebaristo Bustintza "Kiriño" idazleak antolatu zuen 1923an euskarazko palindromoen lehenengo lehiaketa Euzkadi egunkarian. Duela hiru urte, AED elkarteak haren lekukoa hartu eta ekimena gaurkotu zuen, hizkuntza lantzeko aukera polita eskaintzen duelakoan. Orduz geroztik egin diren hiru edizioetan 150 lan aurkeztu dira denera. AEDren web gunean daude jasota den-denak.

Lehenengo edizioko irabazle Juan Mari Agirreurretak Berriari eskainitako elkarrizketan azaltzen zuenez, palindromo bat egiteko gakoa atzekoz aurrera irakurrita zentzua duten hitzak bilatzea da. Markos Gimeno palindromogile eta lehiaketako epaimahaikideak ere eskaintzen ditu palindromoak egiten trebatzeko hainbat aukera zerorajasoa blogean eta bere facebookeko orrian.

Aitzakia gutxi, beraz, hizkuntzarekin jolasteari uko egiteko. Lehiaketaren oinarriak ere AEDren web gunean dituzue.


Erantzun

Sartu