Teknologia albisteak

Berriaren aldeko ZIZTADA JAIA zapatuan, Arrasateko Amaia Antzokian

Erabiltzailearen aurpegia
2013-01-17 : 17:19

Datorren zapatu honetan, ZIZTADA JAIA egingo da Arrasateko Amaia Antzokian, BERRIA taldearen proiektua ezagutarazi eta bultzatzeko asmoz. Ekitaldia Kike Amonarrizek eta Ilaski Serranok gidatuko dute eta bailarako hainbat artista eta kirolari izango dira protagonistak. Oihana Kortazar, Alberto Iñurrategi, Manex Agirre, Bea Asurmendi...

Debagoieneko euskara elkarteen (AED, Txatxilipurdi, Jardun eta Loramendi) eta Arrasateko euskalgintzako beste erakundeen ekimenez egingo da jaia eta Arrasateko Udalak bere babesa eman dio. Ekitaldia arratsaldeko 7:30ean hasiko da eta ordubete inguruko tartean hainbat artista eta kirolari igoko da oholtzara, Kike Amonarrizek eta Ilaski Serranok aurkeztuta: Bea Asurmendi eta Oier Arregi musikariak, Toberako antzezleak, Manex Agirre eta Maddi Labayen bertsolariak, Oihana Kortazar eta Alberto Iñurrategi kirolariak eta Oñatiko Ganbara Txiki.  Mundu zabalean dabiltzan hainbat debagoiendarren testigantzek ere izango dute tokirik ekitaldian eta, horrez gainera, zozketak eta sorpresaren bat edo beste ere izanen dira. Sarrera 5€ izango da helduentzat eta 2€, 18 urtetik beherakoentzat. 

GOZAMENA ETA HAUSNARKETA HELBURU
Eragileok duela egun batzuk aurkeztu genuen ekimena prentsaurrean, Arrasateko Alkate Inazio Azkarragaurizarren eta BERRIALAGUNA kanpainaren koordinatzaile Jose Angel Aldairekin batera. Euskalgintzaren izenean Eneko Barberenak adierazi zuenez,  “sentimentalismotan gehiegi blaitu gabe, egunkari batek jarraitzen du izaten mundua ulertzeko leihoa. Egia da egun bai sareak bai gure eleaniztasunak leiho asko ireki dizkigula, baina behar dugu euskaldunok gurea izango den leiho bat. Gu aintzat hartuko gaituen leiho bat, edota zergatik ez, gu mundura eroango gaituen leiho bat”. Gainera, “kazeta bat ez da mantxeta hutsa, pertsonak daude atzean. Behar dugu kazetari talde bat mundua ulertzen lagunduko diguna, berau interpretatzen, Euskal Herria beste errealitate batzuekin erkatzen, gure buruarekiko kritikotasuna lantzen... Laburbilduz, XXI. Mendean hizkuntzen %90 desagertuko dela estimatzen delarik, inoiz baino garrantzitsuagoa da aniztasun ororen alde (biodibertsitatearen alde bezala, aniztasun kultural-linguistikoaren alde...) jardutea”.

Hori horrela izanik ere, Ziztada Jaiarekin Debagoieneko euskalgintzako eta BERRIAko kideok “ez gatoz negar egitera, egiten den lana berretsi eta hobetzera gatoz. Ekitaldi honek hori izan nahi baitu, erakusleihoa eta gorazarrea, gozamena eta hausnarketa”. 

Ordu beteko iraupena izango du saioak eta sarrerak berton erosi ahal izango dira. Aldez aurretik, Arrasateko AED elkartean, Bergarako Jardun elkartean eta Aretxabaletako Loramendi elkartean daude salgai. Lortutako dirua Berriarentzat izango da eta espero dugu saio gozagarria eta ederra izango dela bertaratzen diren guztientzat.

BEHARREZKOA ETA ESKUBIDEZKOA
Ildo beretik, Arrasateko Alkate Inazio Azkarragaurizarrek honako hau adierazi zuen: “H
izkuntzak zerikusi handia du bizitza sentitzeko moduan eta herri honetan beharrezkoa dugu, geure eskubidea da,errealitatea euskaraz, gure modura, ulertzea”. Beraz, “proiektu honek etorkizuna derrigorrez behar du izan, euskal jendartean eragiten duenak ez baitu preziorik. Bihotzez espero dut urtarrilaren 19an, Amaia antzokia leporaino betetzea. Azken aldian inguruotan dabiltzan liztor asiarren antzera, arrasatearrak tropelka etortzea Berriaren aldeko ziztada ematera”.

BERRIAko ordezkari Jose Angel Aldaik, bere aldetik, eskerrak eman zizkien Arrasateko Udalari eta ekitaldi antolatzen diharduten euskalgintzako eragile guztiei. Gainera, zera gehitu zuen BERRIAk abian jarritako Zure ziztada behar dugu kanpainaren inguruan. “Ez da dirua biltzeko kanpaina bat soilik, horrela balitz zozketak egingo genituzke, materiala salduko genuke,… Nahi dugu mezu bat ematea, produktu baten berri ematea. Horretarako bilera asko egin behar dira, pauso txiki asko eman behar dira, eguneroko lan isil eta iraunkorra da. Alde horretatik, pixka bat beldur ginen, jendeari parte hartzea eskatu behar geniolako, garai zail hauetan. Hortaz gain, informazioa eman eta gogoeta bat eragin behar genuen. Hori ez da erraza. Baina ikusten gabiltza jendea mezua jasotzen dabilela, hausnarketa egiten duela,… Horren erakusgarri oso ona izan da gaurko aurkezpena”.

 

 

Erantzun

Sartu