Teknologia albisteak

III. Euskal Herriko palindromo lehiaketa deitu du AED elkarteak

Erabiltzailearen aurpegia
2012-12-26 : 14:34

Euskal Herriko Palindromo lehiaketaren 3. edizioa abian da. 2010ean antolatu zuen Arrasateko AED elkarteak lehenengoa eta aurtengoan ere Euskal Herriko eta Arrasateko palindromo onenak sarituko ditu. Euskal Herriko palindromo onenarentzat, Debako Txindurri-Iturri  nekazalturismo/sagardotegiak oparitutako bi lagunentzako sagardo afaria, logela eta gosaria. Arrasateko onenak aldiz, Txondorra erretegiak oparitutako bi lagunentzako afaria irabaziko du.

Otsailaren 15a izango da palindromoak bidaltzeko azken eguna eta martxoaren 1ean emango dira jakitera irabazleak. Lanak epaitzerako orduan palindromoaren balio literario eta artistikoa,  luzera nahiz aberastasun semantikoa hartuko dira kontuan. Epaimahaia Marcos  Gimeno palindromogileak, Amaia Arana Arrasateko Udal Euskaltegiko zuzendariak, Oskar Elizburu Erdu-AEK euskaltegiko zuzendariak eta, aurten lehenengoz, Juan Mari Aguirreurreta lehiaketaren aurreko bi edizioetako irabazleak osatuko dute.

Lanak mezu elektroniko bidez bidali behar dira AED elkartera,  aed@aedelkartea.com helbidera. Dokumentu bi igorri behar dira mezuaren barruan: batean, palindromoa aurkeztuko da, ezizen batekin; bestean, erabilitako ezizen bera eta egilearen datuak ( izen-abizenak, adina, helbidea eta telefonoa).

Lehiaketaren oinarriak AEDren webgunean daude zintzilikatuta, baita aurreko edizioetako palindromo irabazleak eta lehiaketara aurkeztutako palindromoak ere. Horra hor lotura.

Erantzun

Sartu