Sustatu logoa Teknologia albisteak

Gorte Nagusiak hautatzeko: hausnarketa, lexikoa eta metodoa

Sustatu
2026-11-28 09:07

UZEIk eta Euskaltzaindiak ohartxo baten bidez hauteskundeetako terminoei buruzko arau eta forma zehatzak gogorarazi digute. Hortaz, gogora dezagun Hego Euskal Herrian hausnarketa eguna dela gaurkoa, ofizialki hauteskunde kanpaina bart bukatu zela, eta bihar Gorte Nagusiak (pluralez) aukeratuko dituztela.

Gorte Nagusiak (pl.) dira "Espainiako Estatuko Parlamentua, bi ganberaz osatua dena (Diputatuen Kongresuaz eta Senatuaz)". Astelehenetik aurrera "Gorte Nagusiek hiru hilabeteko epea izango dute, lege hau indarrean jartzen denetik, araudia onartzeko. Lehenengo xedapen gehigarrian, Gobernuari agintzen zaio lege-proiektu bat egin dezala Gorte Nagusiei igortzeko. Behin onartuta, Gorte Nagusietan aurkeztuko da."

Diputatuen Kongresu eta Senatu letra larriz idazten dira eta bertan ordezkari izaten direnak diputatu eta senatari dira.

Diputatu aukeraketa

Diputatu aukeratuko dituzte herritarrek:

  • Bizkaian 8
  • Gipuzkoan 6
  • Nafarroan 5
  • Araban 4

Alderdi bakoitzak bere boto-papera dauka probintzia hauetan, eta zenbaketa eginda, D'Hondt legearen bidez erabakiko dira. Taula bat erabiliz gero ikusteko, 5 badira banatzeko eserlekuak toki bakoitzetik, 1etik 5era zatitzaileak jartzen ditugu taularen gainean. Bertikalean, alderdi bakoitza eta bere boto kopurua 2 zutabetan, eta hurrengo zutabeetan zatitzaileekin zer ematen duen. Zifra guztiak hartu gero, zein laukitan firela ere, eta handitik txikira markatu, 1etik 5era. Hauxe izan zen Nafarroan 2023ko hauteskunde orokorretan gertaturiko banaketa:

 

Alderdia Botoak ÷ 1 ÷ 2 ÷ 3 ÷ 4 ÷ 5 Eserlekuak
PSN-PSOE 93.553 93.553,00 (1.) 46.776,50 (5.) 31.184,33 23.388,25 18.710,60 2
EH Bildu 58.954 58.954,00 (2.) 29.477,00 19.651,33 14.738,50 11.790,80 1
PP 57.134 57.134,00 (3.) 28.567,00 19.044,67 14.283,50 11.426,80 1
UPN 52.188 52.188,00 (4.) 26.094,00 17.396,00 13.047,00 10.437,60 1
Sumar 43.922 43.922,00 21.961,00 14.640,67 10.980,50 8.784,40 0
Vox 19.491 19.491,00 9.745,50 6.497,00 4.872,75 3.898,20 0

Hemen taula Bizkaian 2023an banatu ziren 8 diputatuekin:

Alderdia Botoak ÷ 1 ÷ 2 ÷ 3 ÷ 4 Eserlekuak
EAJ-PNV 164.188 164.188,00 (1.) 82.094,00 (4.) 54.729,33 41.047,00 2
PSE-EE (PSOE) 157.448 157.448,00 (2.) 78.724,00 (5.) 52.482,67 39.362,00 2
EH Bildu 125.867 125.867,00 (3.) 62.933,50 (8.) 41.955,67 31.466,75 2
PP 70.533 70.533,00 (6.) 35.266,50 23.511,00 17.633,25 1
Sumar 66.592 66.592,00 (7.) 33.296,00 22.197,33 16.648,00 1

Senatari aukeraketa

Senatari aukeraketari dagokionez, boto-paper bakarra dago, marroia, eta han izen zerrendak laukiekin. Guztietan 3 laukitan egin behar du txek edo marka boto-emaileak; nahi dituenak, alderdi bereko 3 ez derrigor, 1 edo 2 marka eginda ere, baleko botoa da; 4 eginda, baliogabea.

Hemen aukeraketa berdina da Hego Euskal Herriko lau probintzietan, bakoitzetik 4 senatari joango dira Senatura. Nola hautagaitza bakoitzak bakarrik 3 izen jarri ditzakeen boto-paperean, normalean izaten da probintziako alderdi bozkatuenak 3 senatari lortzen dituela, eta bigarren alderdiak, bat, eta bat bakar hori izaten da normalean, 3ko zerrendan lehena agertzen dena. Joera estatistiko historiko bat da: deskuidoz edo dena delakoagatik, alderdi bakoitzeko hirukoan, agertzen badira..

  • Urlia
  • Sandia
  • Berendia

Estatistikoki gertatzen da ordena berean jasoko dituztela botoak, Urliak gehien eta Berendiak gutxien.

2010. urtera arte, alderdi bakoitzak jarri behar zuen hirukoa alfabetikoki zegoen determinatua, abizenaren arabera. Hortaz goiko izeneko, agerpen hau izango zen boto-paperean:

  • Berendia
  • Sandia
  • Urlia

Eta orduan, seguru-seguru, Berendiak boto gehien.

Gauzatxo bat gertatzen zen horregatik 2010 arteko senatuko hautagaitzetan: alderdi batek, bigarren geratuz gero, senatari bakarra bidaliko zuen Madrilera, eta hortaz, zerrenda alfabetikoan lehena zena joaten zen. Gorabehera horregatik, alderdi batek Rubial izeneko pertsona bat nahi bazuen eduki Senatuan, bera izanik senatuko zerrendaburua... aukeratu behar izaten zituzten Rubial baino atzerago geratuko zirenak ordena alfabetikoan hirukoa osatzeko.

Hala gertatu zen, adibidez, Senaturako Bizkaiko zerrendetan 2008ko hauteskundeetan. Lentxu RUBIAL zuen zerrendaburu PSE-EEk; baina badaezpada bigarren geratzen ziren eta senatari bakarra lortu, osatu zuten zerrenda beste deitura atzenduago batzuekin: Dimas SAÑUDO eta Imanol ZUBERO agertu ziren boto-paperean, 3ak ordena alfabetikoz. Gertatu zen, guztiarekin, ez zela EAJ lehen indarra izan Senaturako bozketan orduan, eta 3 senatari sozialistak joan zirela Madrilera, tartean Imanol Zubero, bere deitura etniko eta Z-dunaren merituarekin.

Aipatzen dugu Zubero ze artikulu bat idatzi du kanpaina honetan non kritikatzen du "kuestio sakonki politiko bat eragiketa aritmetiko batera" murriztu dutela batzuek. Zer diren gauzak, bera senatari izan zen 2008an kuestio sakonki politiko bat eragiketa alfabetiko batera murriztu zuelako PSE-EEk (2010a arte alderdi guztiek egiten zuten bezala, esan beharra dago).

Ordena alfabetikoaren arau hori 2010ean kendu zuten, eta orain beren kasara ordenatzen dute hirukoa boto-paperean hautagaitzek.

Argazkia: Tamorlan, cc-by, Wikimedia Commons.

Jarraitu gaitzazu