Laugarren edizioa du aurten EKE-Elkar literatura bekak. Elkar argitaletxeak eta Euskal Kultur Erakundeak antolatzen dute urte batzuetatik hona, eta helburua du Ipar Euskal Herriko euskarazko literatura biziberritzea. Bekaren deialdia euskaraz idazten duten Ipar Euskal Herriko idazle guziei zuzendua zaie, adin mugarik gabe. 2027ko deialdirako hautatu den literatura generoa gazteendako edo helduendako komikia da.
Ez da komikia sustatzen den lehen aldia beka hauekin, zeren eta 2021eko lehen edizioan Adur Larrea izan zen bekaduna, Lurbinttoko ohoinak komikiarekin (goiko ilustrazioa komiki horretakoa da). Hurrengo edizioa 2023an izan zen eta Idoia Rodriguez-ek bere Euritan liburua kaleratu zuen hari esker. 2025eko deialdiaren emaitza duela gutxi kaleratu da 2026an: Eneko Bidegain-ek idatzitako Hegal egiten eleberria.
Orain deitutako eta 2027an erabakiko den edizioan helduentzako edo gazteentzako komiki proiektuak aurkeztu ahal izango dira. Lanak Iparraldeko euskara batuan sortuak izan beharko dira, ezin izango dira aurretik argitaratutakoak izan, ez osorik ez zatika, eta ezin izango dira beste obra batzuen moldaketak izan.
Lehiaketan Lapurdin, Nafarroa Beherean edo Zuberoan jaiotako edo bertan bizi den edonork parte har dezake, adin mugarik gabe. Proiektuak bi pertsonak edo gehiagok sortzen badituzte (eta gertatzea logikoa da, gidoilaria eta marrazkilaria elkartzen badira), gutxienez egileetako bat Iparraldekoa izan beharko da.
Proposamenak 2027ko urtarrilaren 11ra arte aurkeztu ahal izango dira, hemen xehetasun gehiago, EKEren webgunean.