Hitz Zentroak Latxa euskarazko adimen artifizialeko (AA) tresna euskaldunaren bertsio berria kaleratu du, Latxa 3 izenekoa. Gaitasun berriekin indartu dute, eta probatu egin dugu, egiazteatzeko funtzio praktiko eta indartsuak direla, bai horixe.
Honela azaltzen du Hitzek Latxaren gaitasun berri bakoitza. Puntu bakoitzaren ondoren, gure probaren emaitza:
- Interneten bilaketak egiten ditu. Azken berriez galdetu, data bat bilatu edo baieztapen bat kontrastatzeko eskatu. Latxak kanpoko iturriak kontsulta ditzake, informazio eguneratua emateko eta erantzun fidagarriagoa emateko. Euskarazko hedabideen albisteak, gainera, leku berezia dute.
Ez zaigu iruditu interfaze berria gehitu dutenik bilaketak egiteko, baina txat-berriketa eran galde dieaziokezu URLak emateko, eta euskaraz egon dadila horien edukia, zehaztu nahi baduzu. Hala egin dugu Kalifornia bilaketarekin, eta emaitza gustatu zaigu. Euskaraz bikain; hori bai, gero okurritu zaigu katalanezko emaitzak emateko, eta ez du hori egin, baizik eta Katalunia eta Kalifornia lotzen dituzten edukiak eman dizkigu.
- Irudiak ulertzen ditu. Grafikoa bat ikusi eta ez duzu argi zer erakusten duen? Igo irudia eta eskatu azalpen erraz bat! Beste hizkuntza bateko kartel edo menu baten testua euskarara itzultzeko ere erabil dezakezu.
Kargatu dugu irudi hau:

Super Manterola euskarazko telesailaren sustapen irudi bat da, eta bertan zer ikusten ondo deskribatu du Latxak begi kolpean. Bigarren galdera bat ere egin diogu, ea asmatzen zuen aktorea, eta bai Anjel Alkain ezagutu du!
- Itzultzaile hedatua, 21 hizkuntzarekin. Euskal Herriko hizkuntza-aniztasuna kontuan hartu dugu, hemen bizi diren migratzaileen hizkuntza nagusiei ere lekua egiteko.
Helburu hizkuntzetan daude markatuta 21 horiek (txinera edo bengaliera barne!), baina sorburuan beste hizkuntza batzuetako testuak sartu daitezke, eta "hautaketa automatikoa" ondo dabilela iruditu zaigu, adibidez polonierazko testua emanez (poloniera ez dago 21 hizkuntzen artean).
- Arazo konplexuagoekin eta programazioarekin hobeto moldatzen da. Eskatu plan bat osatzen laguntzeko, ariketa bat urratsez urrats azaltzeko edo programa txiki bat sortzeko.
Sustatuko editorea ez da programatzailea, baina aproba bat egiten ausartu da, Kibla delakoaren analisia eta azalpenak landuz, Wikipediako artikulu bat osatu ahal izateko. Kibla da musulmanek behar izaten dute norabide kalkulua, non direla ere, Islamak eskatzen baitie Mekara zuzenduta egin dezaten otoitza. Hemen gure berriketa Latxarekin, eta emaitza nola aprobetxatu dugun Wikipedian. Tartean Wikimedia kodea eskatu eta sortu digu Latxak, Wikipedian erabiltzen den testu-kodeketa.
- Elkarrizketa eta dokumentu luzeagoekin lan egin dezake. Igo PDF bat, eskatu ideia nagusiak azaltzeko eta jarraitu haren edukiari buruz galdetzen.
Bai, ondo dabil. 10 Mb-ko muga dago kargatu daitekeen gauzetan, dena dela.
Probatzeko zuek: https://latxa.hitz.eus
Bestalde, pribatutasunari buruzko ohar bat ere zabaldu du Hitz zentroak: erabilera-baldintzak eguneratu dituztela, bilaketa funtzioaren ondorio batzuengatik.