Bernardo Atxagaren bi liburu, Ziutateaz eta Zazpi Etxe Frantzian, ospakizunerako motibo dira gaur eta bihar Bilbon. Zazpo Etxe Frantzian eleberriari egin zaion serbierazko itzulpenak Etxepare - Laboral Kutxa Itzulpen Saria jaso du aurten, eta hori ospatzeko ekitaldia egin dute gaur goizean. Ziutateaz-ek, berriz, 50 urte bete ditu, eta bihar (azaroak 13 ostirala) jardunaldia antolatu du Euskaltzaindiak hori ospatzeko.
Zazpi Etxe Frantzian
Gaur goizean Bilbon izan den ekitaldi batean jaso du Biljana Isailovićek Zazpi Etxe Frantzian serbierara itzultzeagatik Etxepare - Laboral Kutxa Itzulpen Saria. 2025eko edizio bat izan zen Sedam kuća u Francuskoj Treći Trg argitaletxeak kaleratua, aurretik ere Atxagaren lanak serbieraz eman dituen etxea.
Ekitaldian Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza sailburuak, Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendariak, eta Jokin Gorriti Laboral Kutxakoek parte hartu dute. Bernardo Atxaga ere izan da hizlari, Isailović itzultzailearkein batera, eta editore serbiarra ere etorri da, Dejan Matić.
Ziutateaz 50
Ziutateaz-i dagokionez, Bernardo Atxagaren lehen liburua izan zen, eleberri abangoardista edo genero nahasketa bat, eta 1976an kaleratu zen bi liburukitan. Horren 50 urteak betetzen direla-eta, mintegia antolatu du Euskaltzaindiak bere egoitzan, Bilbon, bihar ostiralarekin, azaroak 13.
Euskaltzaindiak argitalpena aztertzeko eta egileari gorazarre egiteko antolatu du jardunaldia, bi partetan. Goizez, Ziutateaz-en ezaugarriak aztertuko dira. Arratsaldez, irakurraldi musikatua izango da, Bernardo Atxaga, Gari eta Jose Kruz Gurrutxagaren eskutik.
Jardunaldirako motiboak honela azaldu ditu Miren Agur Meabe Euskaltzaindiaren idazkariak: «Ziutateaz-ek merezi du berrirakurketa bat, gaurko distantziatik, hainbat arrazoirengatik: lan hibridoa, generoen arteko bizikidetzaren adibide abangoardista gertatu zen; literatura unibertsal modernoaren eraginak islatu zituen; diktadurek berezkoa duten bihozgabetasuna eta esperpentoa kritikatu zuen. Horrenbestez, garai bateko memoria soziopolitiko kolektibo gisa har daiteke».
Hauxe da egitaraua (informazio gehiago hemen):
- 10:00: Ziutateaz: hiria, herria eta komunismoa (Joseba Sarrionandia)
- 10:30: Ziutate honetaz (Irati Majuelo)
- 12:00: Tiraniaren mapa (Mari Jose Olaziregi)
- 12:30: Indarkeriaren parajeak (Beñat Sarasola)
- 19:00: Ziutateaz: Geografia eta Historia (Bernardo Atxaga, Gari eta J. K. Gurrutxaga)
