Sustatu logoa Teknologia albisteak

Irlandera, euskara eta lehiakortasuna; bilkura bat Dublinen

Sustatu
2026-11-09 08:52

Euskal ordezkaritza bat hizkuntzez eta lehiakortasunaz aritu zen joan den astean Europako Batasunaren bilttzar batean, Dublinen egin zen SME & Cluster Assembly bilkuran.

Jasone Aretxabaleta, Sprik sustatutako INDEUS ekimeneko koordinatzailea eta Ander Etxeberria, Mondragon korporazioko Hedapen Kooperatiboaren arduraduna, izan ziren bertan. Panelak izen hau zuen: Language as a Competitive Advantage: How Minority-Language Regions Drive SME Growth - Hizkuntza abantaila lehiakor gisa: Hizkuntza gutxituen eskualdeek nola bultzatzen duten ETEen hazkundea.

Euskal ordezkariekin batera, Irlandan gaeliko edo irlanderarekin ari diren eragileak izan ziren panelean: Siobhán Ni Ghadhra, Údaras na Gaeltachta erakundearen presidente eta Danú Mediaren sortzaile eta zuzendari exekutiboa, Lenneke Willems gaelikozko marketing aditua; Fionnbarra Bradley Dublin Hiriko Unibertsitateko irakasle. Moderatzailea izan zen Conall Ó Mórain, ekonomia gaietarako kazetaria eta The Media Groupeko zuzendari nagusia. Irlandar ordezkaritzan Údaras na Gaeltachta aipa daiteke: Gaeltacht da gaelikoa lurraldean sustraitua dagoen eskualdea Irlandan, eta eskualde honen garapen ekonomiko, sozial eta kulturalak arduratzen den gobernu-agentzia publikoa da Údaras na Gaeltachta. Panelak toki izan zezan SME & Cluster Assembly bilkuran, hain zuzen, Údarasek eta Indeusek egin zuten eskaera.

Solasaldian zabaldutako mezu nagusia izan zen hizkuntza aniztasuna ondare kultural eta ekonomikoa izanik, hizkuntza gutxituak indartu eta zaindu beharrekoak direla ez bakarrik kulturaren edo hizkuntzalaritzaren ikuspuntutik, baita enpresa-lehiakortasunetik ere.

Euskal ordezkariek nabarmendu zuten enpresa txiki eta ertainentzat (ETE) lehiakortasun faktore dela euskararen erabilpena, bezeroen leialtasuna eta langileen atxikipena lortzeko, merkatuan bereizteko edota hizkuntzen teknologian eta adimen artifizialean sortzen ari diren aukerak baliatzeko. Aretxabaletaren eta Etxeberriaren ustez, euskal ahaleginek etsenplu ona izan daitezke Europako beste kontestu batzuetarako, kultur-ondare huts gisa kontsideratzearen estigma gainditzeko.

Argazkian, lehen lerroan eskuinetik, Ander Etxeberria eta Jasone Aretxabaleta.

Jarraitu gaitzazu