Euskarazko Wikipedia: 25 urte, 500.000 artikulu
Euskarazko Wikipediak 500.000 artikuluen langa gainditu du, juxtu bere 25. urteurrena betetzera doanean. 500.000. artikulua Gasteizko Armentia Ikastolako, DBH2ko, lau ikaslek sortu dute Txikipedian, honako hau.
Euskarazko Wikipedia kudeatzen duen Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak (EWKE) artikulu batean aurkeztu ditu milioi erdia erdietsi duten ikasleak, irakurri hemen.
Asteazkenean igaro zen milioi erdiaren marka, eta jarraitzen du gorantz artikulu zenbaketak. Gaur goizean hau idazten dugun unean, estatistiken orriak diosku 500.111 artikulu daudela. Irailean beste mugarri ikusgarri bat gainditu zuen Wikipediak gainera: 200 milioi hitz euskaraz.
Une politean etorri da EWKErentzat aste honetako marka. Gaur ostirala (hilak 6) arratsaldez, hain zuzen ere, ospakizun jaia egingo dute Bilboko Euskal Museoan. Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak antolatutako hitzorduan, wikilariak, kolaboratzaileak eta erakundeetako ordezkariak elkartuko dira, euskarazko Wikipediaren ibilbideari begirada bat emateko.
25. urteurren zehatza datorren abenduaren 6an izango da, ordukoa baita lehen artikulua. Baina berezko azala, eu.wikipedia.org domeinua, 2023ko azaroaren 7an ireki zen (bihar 23 urte, beraz).
Pixkanaka hasi zen euskarazko Wikipedia. Bost urte behar izan zituen 10.000 artikulu izateko; hamar urte 100.000 erdiesteko. Geroztik, azkarrago eta indartsuagoa ari da.

Bazkidetu Wikilarien Elkartean
EWKE euskarazko Wikipediaren "zaintza" egiten duen bazkidetza txikiko taldea da. Wikilari editatzailea izatea eta EWKEko partaide izatea ez datoz bat derrigor. Wikipedia osa dezake edonork, baita anonimoki ere, euskaraz eta beste hizkuntzetan berdintsu. Baina EWKEren bitartez euskarazko Wikipedia aberasteko ekimenak bultza daitezke, ideiak planteatu eta gauzatzeko bidean jarri, erakundeekin interokutore izan eta hitzarmenen bidez proiektuari lagundu, beste wikilari batzuekin konektatu elkarlanerako…
Eta orain, elkarteak izan duen estatutu aldaketa baten ondoren, ahalegin horietan ere parte hartu daiteke wikilari-idazlea izan bage ere: editatzen ez duen kolaboratzailearen figura daukagu orain.
Ez bazara moldatzen artikuluak sortu edo osatzeko edo irudiak kargatzeko baina hala ere lagundu nahi baduzu, aukera berria daukazu: egin zaitez EWKEren bazkide kolaboratzailea. Milioi erdi orri sortu dituzte 25 urtean. Hurrengo 25etan eta milioiA osatzen parte har dezakezu.
Urteko 5 euroko kuotarekin ez dago talde-bazkidetza merkeagorik inguruetan. Osatu formularioa, ongi etorria izango zara. (bide batez, editatzaile eta Wikipedia-idazle edo Wiki-ilustratzaile bazara jada, orduan ere bazkidetu, nola ez).
Erantzunak kargatzen...