Sustatu logoa Teknologia albisteak

Aurtengo Jokoteknian, euskal bideojokogileen 1. azoka

Sustatu
2026-11-04 09:17

Duela urte batzuk antolatzen dute Jokoteknia topaketa Game Erauntsia Elkarteak eta Azkue Fundazioak. Aurtengo edizioa Bilboko La Perrera espazioan izango da, azaroaren 7an larunbatarekin, eta egun osoko ekimena izango da. Nobedadea aurten: Euskal bideojokogileen 1. azoka egingo dela. Euskal Herriko bideojoko estudioak eta sortzaileak elkartuko dira erakustaretoan hamasei erakusmahai instalatuta, Euskal Herrian edo euskaraz garatutako jokoak probatzeko aukera eskainiko dute postu horietan.

Jardunaldiaren egitarauari dagokionez, osagai hauek izango ditu.

  • Paula Olaz konpositoreak bideojokoetarako musika sortzeko erronkak eta pausoak azalduko ditu.
  • Josu Igoa bideojokozaleak itzulpengintza eta euskaratze prozesuari buruz hitz egingo du, bere kabuz hainbat bideojoko gure hizkuntzara lokalizatu baititu.
  • Jon Juarez diseinatzaileak marrazkilaritza eta animazioa edukiko ditu ardatz bere hitzaldian, bideojokoen munduan arte kontzeptuala sortzen ibilita.
  • Nestor Uriarte bideojokogile eta Rockstar Game Workers Union sindikatuko ordezkariak azken hilabeteetan enpresa ezagunean bizitako egoerari buruz hitz egingo du.

Aurkezpenen atalari bukaera emateko, mahai-ingurua antolatu da Digipen Europe-Bilbao Institute of Technology-ko, Harrobia Ikastolako eta Tartanga Lan Heziketarako Zentro Integratuko ikasleen parte hartzearekin: Oier Elorduy, Laia Antxutegi eta Iker Abasolo ikasleek parte hartuko dute, hurrenez hurren.

Hurbiltzerik ez duenak saio horiek EITBren webgunean eta Youtubez ere emango dituzte zuzenean.

Informazio gehiago: Jokoteknia.eus 

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu