Euskal Herriko giza-DNA zaharrena analizatu dute: Izturitzeko emakume bat, duela 30.000 urtekoa
Paleolitoko europarren historia genetikoa datu berriekin aberastu duen ikerketa bat argitaratu berri da. Analizatu diren aztarnen artean, Izturitzeko hezur bateko DNA sekuentziatu dute. Emakume bat zen, duela 30.000 urte bizi izan zena Izturitzeko leizean (edo han luperatu zutena).
Izturitzeko leizeko hezur bat da analizatu dena, duela 30.850 urte eta 29.970 urte artean datatu dute; eta ez da bakarrik Euskal Herriko aztarna genetiko zaharrena orain arte aztertutakoen artean, baita ere Europako hego-mendebaldeko zaharrena ere. Azterketa berean beste genoma batzuk aztertu dituzte Okzitaniakoak eta Iberiakoak, baina Izturitzekoa baino 2.000 urte gazteagoak dira. Gravette aroko europar populazioen irudi berri bat lortu dute ikerlariek.
Azterketak lehendik ezagutzen ziren genomak beste berri batzuekin batera analizatu dituzte. Berri horien artean daude Izturitzekoa eta inguruko beste batzuk, Okzitaniakoak, Espainiakoak eta Italiakoak.
Konparaketak erakutsi du paleolito antzinako hartan nolabait bi "arbaso-lerro" edo populazio bereizi egon zirela Europan, elkarrekin konexio bat bazuten arren. Bitxia bada ere, Izturitzekoa nolabait lotuago dago Vestonice (Txekia) izendatu duten klusterrarekin, Okzitaniako Fournol klusterrarekin baino (gertuagokoa, eta Iberiako adibideen populazioa litzatekeena). Mapak erakusten duen moduan Vestoniceko taldea ipar eta ekialdeko Europarekin lotua dugu (puntu moreak), eta baita Italiarekin ere.

Nolanahi ere, Vestonice eta Fournol klusterrak ez dira elkarren ezezagunak, eta bien arteko konexioak ikusten dira, besteak beste Izturitzeko aztarnan. Artikulu zientifikoaren irakurketa dibulgatiboagoa egiten duen beste honen arabera, "Izturitze talde desberdinen elkargune izan zitekeelako ideia indartzen dute aurkikuntzek". Era berean, eremu franko-kantabriarreko populazioa lehen homogeneoagoa zela uste zen eta orain badirudi ekialdeko Europarekin loturak ageri direla.
Izturitzeko giza-aztarnak Gravette aldiko kulturarekin daude lotuta. Leize horretan elementu oso bereziak aurkitu dira, txirula sorta harrigarria, munduko musika-tresna zaharrenen artean daudenak. Txirula horien artean Gravette baino zaharragoa den baten bat bada, Aurignac aldikoa, baina gehienak gravetiarrak dira, analizatu duten hezurraren garaikoak. Txirulajole baten DNA dugu hau agian (ez hartu esaldi hau literalki). Emakumezko bat zen, hori badakigu DNAgatik.
Gauza batean ez dago aldaketarik azterketa honek dakarren informazioan: gaurko euskaldunok (eta egungo europarrek) oso konexio txikia dugu paleolitoko europarrekin, ez Izturitzekoekin ez inongoekin. Hau lehendik ere jakina zen, eta orain berdin jarraitzen du inferentzia horrek. Gravette aldiko genoma hauen ondorengo hurrengo 22.000 urteetan izan ziren aldaketez gain, neolitoan Anatoliatik iritsirako nekazari-abeltzain populazioek eraldatu eta ordezkatu zuten Europako aurreko populazioen aztarna. Horiekin lotura estuagoa du geroko euskaldunen genetikak, Izturitzeko txirulari harekin baino.
Gehiago jakiteko:
Erantzunak kargatzen...