Sustatu logoa Teknologia albisteak

Ziber-segurtasun zuloen astean, PHP sistemen arazoa

Sustatu
2026-10-23 08:48

Astean zibersegurtasun arazoen kateatze bat izan dugu, eta hemen beheko ilustrazioan Antonio Ortiz tekno-adituak bildu dituen batzuk, AA bidez geuk euskaratuak. Sustatun pare bat aipatu ditugu, eMudhra-rena eta auskalo zerekin lotuta egon zen Jaurlaritzaren web zerbitzuen erorketarena. Orain akaso larriena izan (izaten ari) dena komentatuko dugu, PHP programazio lengoaiaren zuloarena.

PHP programazio lengoaia bat da, informatikan oso erabilia eta bereziki Interneteko azpiegituretan. Proiektu informatiko oro bezala, doiketa eta hobekuntza ziklo batean bizi da PHP, software librea izanik modu publikoan banatzen direlarik doiketak eta erroreentzako zuzenketak.

Oraingoan, ikertzaile batzuek (diotenez AA tresnen laguntzarekin) bi ahulezia kritiko aurkitu zituzten, PHP2Shell izenarekin bataiatu zituztenak. "Kritikoak" dira zuloak, zeren ahalbidetzen dute sistema baten gaineko kontrola hartzea kudeaketa-pasahitzik gabe.

Partxe edo konponketa prestatu zen, baina noski, jakinarazi eta zabaldu behar da. Eta jakinaraztetik eta garatzaileek nork bere PHP instantzian ezartzeraino denbora tarte bat egon daiteke zeinean zuloa baliatu dezakete asmo gaiztokoek. Horregatik, izan dira erakundeak eta baita gobernuak ere Interneteko zerbitzu asko saretik kendu dituztenak apropos, une kritiko horretan zirrikiturik ez uzteko.

PHPren erabilera zabalak, gainera, arriskua handitzen du. Wikipediaren oinarria da PHP, eta baita Wordpress izeneko web-azpiegitura ezagunarena. Munduko webguneen %40 edo gehiago Wordpress dira; toki batzuetan gehiago (Errusian %90 direla irakurri dugu), eta Euskal Herrian ere askok erabiltzen dute. (argipena: Sustatun ez dabil ez PHP ez Wordpressekin, baizik eta Python programazio lengoaiarekin eta Django azpiegiturarekin).

Wikipedian erorketa zabaldu samarrak izan ziren asteazken eta ostegunean, eta une honetan, haren inguruko zenbait tresna osagarri dauzkate. Wordpressak dituztenen artean, bertsio eguneraketan ari dira hornitzaileak eta haiekin mantentze-kontratuak dituztenak; zerbitzu artesanalagoak pixkat larriago ibil daitezke.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu