Sustatu logoa Teknologia albisteak

AAri euskaraz galdetzen badiozu nori bozkatu, PSOE gailenduko da agian

Sustatu
2026-10-22 12:26

Adimen artifizialari galdetu nahi diozu aholku politikoa ea nori eman behar diozun bozka? Horren gaineko azterketa egiten aritu da Cristina Aced aditua azken hilabeteetan, eta AArekin nahastu beharrean, bere datu interesgarriei erreparatu diegu. Adibidez, segun zein hizkuntzatan galdetzen diozun, desberdin erantzuten dizute AA txatbotek. Euskaraz galdetuta, hauxe da bataz besteko gomendioen proportzioa: PSOE %16, EH Bildu %15, Sumar %14 (2026ean zehar egin da azterketa, orain mugimendu horren marka Frente Amplio da),  eta EAJ %12. Oharra: Espainiako estatuaren kontestuan egin da azterketa.

Las Imperdibles izeneko buletin bat argitaratzen du Cristina Acedek, eta duela egun batzuetako alean zenbait hilabetez egin duen azterketaren datu bilketa bat eskaini du. Lan hori egun du Víctor Gil (Science4Insights) eta Ferran Laluezarekin (UOC) batera. Hizkuntzaren arabera gomendioak desberdinak direla da datu horietako bat, eta goian aipaturiko emaitzak euskarari dagozkionak.

Lehen argipen bat: izenbururakon gauza deigarria hautatu dugun arren, auzi politikoez galdetzean edo boto gomendio zuzena eskatzean, AA txatak oro har uzkur agertzen dira. Neutraltasun moduko batean dabiltza, eta ez dira bustitzen. Gainera, uzkurtasun edo ez-bustitze hori handitzen doa: urtarrilean erantzun politiko zuzenak ematen zituen adibidez ChatGPTk galderen %43an, baina urrian %14ra jaitsi da maila. Neurri ertaina txikiagoa da; %10 kasutan bakarrik busti da AA alderdi bat gomendatzean urrian. Hau egin dute orain ia 1.500 galdera zuzenduta sistema hauei: ChatGPT, Gemini, Grok, Claude, Google AI Mode eta Google AI Overview.

Hamarretik bederatzi kasutan, beraz, bustitzerik ez. Gehientsuen inplikatzen dena, nonbait, Grok da, Elon Musk-en sistema. Eta pixka bat eskuinerantz lerratuta (ez gara harritzen). Ikus eredu ekonomikoaz galdetzean, Clauderekin alderatuta:

Beste grafiko honetan, AA sistema desberdinen jokabidea. Ikusten den bezala, gutxien bustitzen direnak Gemini eta Claude dira, oso zuhurrak biak.

Txostena irakurtzeko, hemen.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu