Sustatu logoa Teknologia albisteak

Kooperatiben batzarretan euskararen erabilera gora (teknologiari esker ere bai)

Sustatu
2026-10-10 12:54

Emun kooperatibak beste kooperatiba batzuk aztertu ditu blog sarrera honetan azaldu duten kasuan: euskal kooperatiben urteko batzarretan egin dute azterketa, 36 kooperatibetako lagin batekin, eta datuak ez dira txarrak: Ahozko euskararen erabileraren batez bestekoa %74,8koa da, eta erakundeen %76,5ek %70eko erabilera maila gainditzen dute. 

Idatzizko erabileraren batez bestekoa, berriz, %63,2koa da. Horren azalpena da zenbait kooperatibatan ahozko azalpenak euskaraz egin arren, dokumentazioa gaztelaniaz edo ele bitan aurkezten delako.

Datuen goradakan estrategia eta konpromiso zehatzak egotea funtsezkoa da, Emunen ustez: hizkuntza irizpideak adostu dira, arduradun eta hizlariei euskaraz egiteko babesa eman zaie, hitzaldiak prestatzeko trebakuntza eskaini da, dokumentazioa eta terminologia landu dira, eta ulermena bermatzeko baliabideak jarri dira.

Eta teknologia ere bada faktore bat:

  • Aztertutako 36 kooperatibetatik 23k (%64 inguruk) aldibereko itzulpena, interpretazio sistemak edo xuxurlariak erabili dituzte. Horri esker, hizlariek euskaraz jardun dezakete, eta euskara ulertzen ez dutenek mezua unean bertan jaso.
  • Beste 10 kooperatibatan (%28 inguruan), ez da aparteko sistemarik erabili, parte hartzaileen hizkuntza ezagutza bermatuta egon delako izan da. 

Bilakaeraren pertzepzioak ere joera positiboa erakusten du azterketan: erakundeen %58k euskararen erabilerak hobera egin duela uste du, eta beste %22k erabilera egonkor mantendu dela adierazten du. Aldiz, ia %17ren esanetan erabilerak beheranzko joera izan du.

Irakurri osorik hemen.

Argazkia: Tulankide agerkaritik, non euskararen erabilera sustatzen duen Bikain ziurtagiararekin ikusten ditugun zenbait kooperatibatako ordezkariak (Batz, Fagor Taldea, Leartibai Fundazioa, Erreka, Ikerlan)

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu