Argiaren hemeroteka berritua: mende bat baino gehiago
Argia agerkariak bere hemeroteka digitala berritu du eta gaur aurkeztu du. Berritzeaz gain, hedatu ere bai. Orain arte 20 urteko artxiboa zena orain 1919raino luzatzen da, Zeruko Argiaren lehen aleetara. 150.000 orrialdetik gorako ondarea, lizentzia libreekin (CC-by-sa) eskura sarean.
Adibide bat, 5. alea, Zeruko Argia, 1919ko maiatza. PDFa deskargatu daiteke, edo orriz orri ikusi irudiak, eta horietakoren bat hartu.
Bilatzaile indartsu bat ere badu, testu librekoa. Egin dugu aproba bat 1932 arteko Mussoliniren aipuekin, eta 38 emaitza aurkitu ditugu, zaharrena 1922koa.

Zenbait aldizkari daude Argiaren historian, eta hemerotekan ere bai: 1919an Iruñean sorturiko Zeruko Argia, gerra aurreko Donostiako Argia, gerra aurreko ere Txistu komikia, gerraosteko erbestean noizetik noizera kaleratu ziren zenbait Argia, 1950eko hamarkada amaieratik aurrera berriz argitaratu zen Zeruko Argia berritua, eta 1980an langileek euren esku hartu ostean gaur egungo ARGIA.
Aldizkari modernoarekin paraleloan garatu diren proiektu hauek ere badaude hemerotekan: Larrun hilabetekariaren 320 zenbakiak, Bizi Baratzea Orria hiruhilerokoa, urtero kaleratzen den Gakoak aldizkari berezia, TXT komikia, eta Sagarrondotik monografikoa.
Garai berriko hauetara menu nagusiko aukera batetik iristen da. Gainerakoan, urtekako eta hamarkadako sailkapena ere badu hemerotekak.
Kontsultatu hemen: https://www.argia.eus/hemeroteka/argia/
Erantzunak kargatzen...