TOKI elkarteak bere lehen jokoak aurkeztuko ditu
TOKI elkartea sortu da euskaraz mahai jokoak sustatzeko. Itsulapikoa plataformaren bidez crowdfunding diru-bilketa egin dute, eta horrekin lehen jokoak prest dituzte abiatzeko. Horien aurkezpena bihar urriak 6 asteartearekin egingo dute Donostian, Aquariumean 18.00etatik aurrera.
Ekitaldia Itsulapikoa bidez beren proiektua babestu duten pertsonei eskerrak emateko antolatu dute, baina batez ere TOKIren proiektua aurkezteko, lehen bi jokoak erakusteko eta jendearekin jolasteko izango da.
Lehenengo zatian TOKI zer den, aurten egin duten ibilbidea eta etorkizunerako ditugun proiektuak aurkeztuko dituzte. Ondoren, LATXA, 1901 AZKEN BALEA eta GEZURTI jokoak probatzeko aukera izango da, eta giro lasai batean elkarrekin jolastu eta hitz egiteko tartea ere izango dugu. Aipaturiko lehen biak karta-joko fisikoak dira, eta Gezurti joko digitala. Gainera, zerbait jateko eta edateko ere izango dute. Ekitaldi honetan izena emateko formularioa hemen.
Duela aste batzuk Irutxuloko Hitzan azaldu zutenez, mahai jokoen alorrean merkatuan euskarazko zenbait joko dauden arren, gehienak beste hizkuntza batzuetatik itzulitakoak dira. Horregatik, haien asmoa ez da dagoena euskaratzea, baizik eta hasieratik euskal kulturatik eta euskaraz pentsatutako proposamenak sortzea.
TOKI ezagutzeko: Tokijolasak.eus/
Erantzunak kargatzen...