Sustatu logoa Teknologia albisteak

Liburuak suntsitu AA elikatzeko (copyright lege absurdoak betez) bide batez

Sustatu
2026-09-22 09:23

Udako albisteetako bat izan zen publiko egin zela Anthropic enpresak bere adimen artifiziala (AA) elikatzeko liburu fisikoak erosten ari zela milioika, eta gero liburu hhoriek txikitu eta desagarrarazi egiten dituela. Mundua suntsitzera badoaz, nonbaitetik hasi behar: liburuetatik adibidez. Hori bai, bitxia bada ere, copyright legeak zintzo betez nonbait.

Gauza jakina da AA sistemek dena kopiatzen dutela beren LLM edo hizkuntza eredu handiak elikatzeko. Testu, musika, eta irudi kantitate masiboak prozesatzen lortzen da testuak, musika edo irudiak sortzeko gaitasuna.

Internet kopiatzea aski ez, eta duela gutxira arte ezagutza kodifikatzeko medio nagusia liburuak izanik, horietara jo dute AA enpresek. Liburu fisikoak eskaneatu eta digitalizatzeaz gain, liburuak suntsitu egiten dituztela jakitea shock moduko bat izan da.

Ezagutu den proiektu zehatza Project Panama izenekoa da, eta Anthropic-ek berak barne dokumentuetan aipatu izan da nahi zutela sekretuan eduki. Baina ez da bakarrik Anthropic, liburu biltegi eta argitaldariek susmatzen dute jaso dituzten erosketa agindu handiak enpresa askorenak direla (albisteak ingelesez: bat, bi).

Liburu suntsiketak erraztu egiten du eskaneatze lana. Liburuak orriz orri zatikatzen dituzte makinek, eta eskaneatze sistema azkarrak elikatzen dituzte mekanikoki. Baina, horra bitxikeria, ez da hori motibo bakarra suntsiketarako. Anthropic-ek aplikatzen duen printzipioetan AEBetako copyright legeekin zintzo jokatzeko arrazonamendu bat dago (!). Zera da kontua, analisi honetan aipatua, epai baten ondorio dena: epaiak ontzat ematen du norbaitek erositako liburu baten kopia digitala egitea, ez baldin bada "ale" edo "kopia" berri bat gehiago egiten. Hau da, ordezkatzen duzu liburu fisikoa gauza digitalarekin eta nonbait ale bakarraren jabe zara. Liburua digitalizatzeaz aparte, fisikoki gordetzen baduzu, copyrighta puskatzen duen kopia gehiago sortzen ari zara.

Azken batean copyright legeen debeku absurdoen azken ondorioa da hau: dena da pirateria, erosi duzunaren kopiak egin eta partekatzea delitua da. Ezagutza publikoa den zientzia artxibo itxietatik askatzea, Aaron Swartzek egin zuena, urte askotarako kartzelarako motibo izan daiteke (suizidatu egin zen Swartz epaiketa iritsi aurretik), Baina munduko enpresa aberatsenek liburuak digitalizatu eta jarraian papera erretzea, copyright legeak zintzo betetzea da.

Irudia: Liburuak eta paper txikituak eraikin publiko abandonatu batean, Errusian. CC-by 4.0 Vyacheslav Argenberg, Wikimedia Commons.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu