Elkar argitaletxeak jakinarazi du Xabier Mendiguren Elizegi editoreak erreleboa izango duela. Erretiroa hartu gabe oraindik, Mendigurenek (Beasain, 1964) murriztuko du jarduna eta Itzea Urkizu Arsuagak (Orio, 1988) hartuko du editoretza lana. Idazlea ere bada Mendiguren, eta hor ez da erretirorik, aste honetan aurkeztu baitu bere eleberri, kronika edo erreportaia nobelatu berria: Morlans.
Morlans-en gaia da Donostian izen hori duen auzoan 1991eko abuztuan gertatu zen sarraskia, poliziak hiru ETAkide hil zituenekoa. Fikziorik gabeko kontakizun egin du Mendigurenek gertaera haiez eta liburu laburra ondu du, 100 bat orrialdekoa. "Gertaerekin batera, gogoeta batzuk plazaratu ditut, eta baita bertan hil zirenen profil laburrak eman ere", kontatu zuen autoreak aurkezpenean.
Duela hiru urte Oso latza izan da liburuaren ildoa jarraitzen du Morlansek, bestalde. Gura ere kontakizun ez-fikzionatua, 1981ean torturapean hil zuren Joxe Arregiren kasua.
Ildo horretatik jarraitzen badu bere aurre-erretiro eta erretiroan, ekarpen oparoa du oraindik egiteko Xabier Mendiguren Elizegik, kontatzeko kasuak badaude-eta gure historian, idazle honen bizialdian.
Elkar argitaletxean izango duen erreleboaz, hemen Berriako albistea. Editoretza lan hori funtsezkoa izan da euskal literaturaren azken hamarkadetako historian. Itzea Urkizu bere ordezkoa bada denbora bat Elkar argitaletxean langile dela: Elkar-Hizkuntzak atalean hasi zen lanean, eta gerora Ttarttalo argitaletxearen editorea izan da. Onena opa diegu biei Sustatutik.
Argazkia: Xabier Mendiguren aurtengo abuztuan (cc-by-sa Wikimedia Commons).
Erantzun
Sartu