Sustatu logoa Teknologia albisteak

Sabino Ormazabal kazetari, ekologista eta bakegilea hil da

Sustatu
2026-08-17 19:58

Sabino Ormazabal (Donostia, 1953) hil da. Lazetari, idazle, ekologista, antimilitarista eta giza eskubideen aldeko militante donostiarra zen. Bakezale eta bakegilea ere bai. Hainbat lan egindakoa eta hainbatek horregatik miretsia. Lanbide gisa, kazetaria ere izan zen.

Hainbat kontutan egin zuen miltiantzia, baina ekologismoan egin zen ezaguna, agian. Komite Antinuklear eta Ekologistetako militante aktiboa izan zen, eta parte hartu zuen ere Txustarra taldean, Donostiako Asanblada Ekologistan eta Eguzki elkarte ekologistan, baita Gladys Gogoan taldean ere. Indarkeriarik gabeko ekintzen aldekoa izan zen beti.

Joxemi Zumalabe Fundazioaren patronatuko kide izan zenean, 2000. urtean Baltasar Garzónek atxilotu eta espetxeratu egin zuen, beste kideekin batera, eta 18/98 Sumarioan auzipetu zuten, desobedientzia zibilaren atalean hain zuzen ere. Zabaldutako anekdotak dio atxilotzera joan zitzaizkionean gauaren beltzean etxera, semea esnatzera joan zela (hura aurretik atxilo hartu zutelako inoiz), baina poliziek esan ziotela, "gaur zugatik gatoz", ustekabekoa emanez.

Atxilketaren ondoren, espetxean zortzi hilabete egin zituen, eta askatu zuten epaiketa iritsi artean. 2005ean 16 hilabete iraungo zuen epaiketa hasi zen eta 2007an bederatzi urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Berriro espetxeratu zutenean bera "kontzientzia preso" deklara zezaten kanpaina zabal bat hasi zen, Amnistia Internazionala elkartearen babesa lortu zuen horretan; fidantzapean aske utzi zuten. 2009ko maiatzaren 26an Auzitegi Gorenak absolbitu egin zuen, Joxemi Zumalabe Fundazioko beste kideekin batera.

Jasandako tratu pertsonal zikin horren gainetik, bakezale eta bakegile izanda, inplikatu zen Euskal Herriko gatazkaren ondorioen biktimekin lan egiten, alde bateko zein bestekoen artean zubi egiten. Baita ikertzaile noduan ere lan horretan, hainbat txostenetan parte hartuz, eta "Memoria partekatu baterantz" izeneko herriz herriko proiektuetan parte hartu zuen.

Argazkia: Sabino Ormazabal 2008an. CC-by-sa, Dani Blanco, Argia Fototeka eta Wikimedia Commons.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu