Gabriel Arestiren filmazio bakana aurkitu dute
Gabriel Arestiren ahotsaren grabazioak ezagunak dira lehendik ere, baina filmaziorik ez genuen orain arte eta horrelako bat aurkitu du Jon Kortazar literatura irakasleak RTVEko artxibategian. 1969ko elkarrizketa bat da, eta euskaraz errezitatzen ere ikus-entzun daiteke poeta bertan.
Filmaketan Aresti ez dago bakarrik. Grabazioa bederatzi minutu eta erdiko elkarrizketa bat da, hiruren artekoa. Arestik hiru minutu eta erdiz hitz egiten du. Berak baino berba gehiago egiten du Juan San Martinek eta Arestik baino gutxixeago Ibon Sarasolak. Arestik ‘Harri eta herri’ liburuko poema labur bi irakurriz bukatzen du.
Jon Kortazarrek adierazi duenez, "gauza batzuk ezagunak ziren, beste batzuk ez, baina, batez ere, bere ahotsa eta bere keinukera da, bere mugimenduak dira. Gauzak esateko bere modua ikusten dugu. 35 urte zituen eta osasuntsu ageri da, dotore. Pena da ze momentu batzuetan badirudi gauzak ez daudela prestatuta, baina Arestik bai, zer esan behar duen prestatuta dauka. Garbi azaldu nahi du zer den bere poesia, zein izan den bere garapena, eta ez du gaztelaniaz irakurtzen, euskaraz irakurtzen du bere borondatez".
RTVEren artxinoetan dago grabazioa, baina ez dirudi eskuragarri dagoenik online. Telenortek zati bat eman zuen eta hori eskuragarri dago RTVEren webgunean.
Erantzunak kargatzen...