Teknologia albisteak

Euskarazko unibertsitate-liburuen sorkuntza sustatzeko diru-poltsa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 13:09

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU), Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, euskarazko unibertsitate-liburuen sorkuntza sustatzeko hiru diru-poltsaren deialdia zabaldu du. Proposamenak aurkezteko epea irekita dago, 2026ko urriaren 12a arte.

12 hilabeteko iraupena izango dute diru-poltsek eta bakoitzaren diru-zenbatekoa 3.000 eurotakoa izango da.

Ikasmaterialen esparrua unibertsitateko edozein jakintza-arlotakoa izan daiteke. Pista bat izateko, honako hauek dira UEUren sailak: antropologia, antzerkilaritza, arkitektura, artea, bertsolaritza, ekonomia, filosofia, fisika, glotodidaktika, historia, hizkuntzalaritza, ikasketa klasikoak, informatika, itzulpengintza, kazetaritza eta komunikazioa, kimika, fisika, klimatologia eta meteorologia, literatura, matematika, musika, natur zientziak, osasuna, pedagogia, psikologia, sexualitatea, soziologia, soziolinguistika, zuzenbidea, kultura-gaiak, folklorea eta gastronomia. Baina beste unibertsitate-arlo batzuk ere onartuko dira (ingeniaritza, filologia, geografia...).

Sustatuko den liburuak honako ezaugarri hauek izango ditu:

-      150 eta 300 orrialde bitarteko luzera, orrialdeko 30 lerroz eta lerroko 60 karakterez, grafikoak, argazkiak eta antzekoak dituzten orrialdeen kasuan izan ezik. Lanerako erabilitako erreferentziak aipatzea beharrezkoa da (UEUren argitalpenetarako irizpideei jarraiki). 

-      Testua ez den elementu oro orrialdeetan zehar edo tokirik ez balego lanaren bukaeran, eranskin gisa, txertaturik. Era horretako elementu bakoitzak oinarrian bere azalpena izan beharko du. Edozein kasutan, lanak gutxienez testuko 100 orrialderen baliokidea izan behar du. Eranskinetako orrialdeak ez dira kontuan hartuko puntu honetan eta aurrekoan zehaztutako gutxienekoak betetzeko.

Informazio gehiago UEUren webgunean. Irakurri oinarri zehatzak hemen.

Irudia, UEUren liburu argitalpen zerbitzuaren webgunekoa.

Erantzun

Sartu