Joan Mari Torrealdai bekaren hirugarren edizioaren deialdia irekia dago, aurreko urteetan bezala, Jakinek antolatuta. 'Euskara adierazkorra lantzeko bide berriak' da gaia, eta horren inguruko kultur ikerketa edo egitasmoa sustatzea da xede aurtengo edizioan.
Gaia lantzeko norabideak azaldu zituen Haritz Azurmendi Jakineko kideak deialdiaren aurkezpenean. Adierazkortasuna euskaraz trebatzeko bide gaurkotuak eskaintzea da aukera bat (baliabidetegiak, estrategiak, lan-tresnak) edo, bestela, gaur egungo behar komunikatibo askotarikoetarako ereduak entseatzea. "Bereziki sustatu nahi da aurkeztutako proiektuek adierazkortasunari buruzko egiturazko gogoetak izatea abiapuntu, eta proposatutako emaitzek gizartean eta hiztunengan modu eraginkorrean hedatzeko forma izatea".
Deialdira banaka edo taldean aurkez litezke proposamenak, eta irabazleak 14.000 euro eskuratuko ditu 18 hilabeteko epean ikerketa garatzeko. Proposamena jmtbeka (a bildua) jakin.eus helbidera bidali beharko da urriaren 26a baino lehen.
2022an abiatu zen beka deialdi honen epaimahaia aldatu da edizio honetarako, eta honakoek osatuko dute: Ainara Lasa, Ibai Iztueta, Miren Amuriza eta Gorka Bereziartua. Hilabete izango dute proposamenak aztertzeko, eta abenduan jakinaraziko da irabazlea.
Oinariak osotasunean detailez irakurri hemen.
Erantzun
Sartu