Teknologia albisteak

Jurassic Computing (Sam Neill eta Silicon Graphicsen oroimenez)

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 10:22

Sam Neill aktorearen heriotzak eta blog sarrera honek Jurassic Park ekarri digute gogora. 1993ko filmean Neill paleontologo bat izan zen (Alan Grant), dinosauro digital ikusezinei begira txundituta agertzen inpresioa egin ziena garai hartako zinezaleei. Efektu digitalen aldetik mugarri bat izan zen, eta Steven Spielbergen film onenetakoa izaten jarraitzen du. Baina aipatu dugun blog post horrek beste zerbaitetara garamatza: Jurassic Parken agertzen diren ordenagailu eta programetara.

Artikuluan Apple eta Motorola bezalako markak eta hardware egile ezagunak aipatzen dira, eta programa ezezagun mordoxka bat, eta bat ezagunagoa: QuickTime bideo-jogailu zahar eta ospetsua nabarmenagoa.

Baina software eta hardwarearen aldetik Jurassic Parken gehien aipatzen den teknologia enpresa Silicon Graphics da, SGI laburduraz ezaguna izan zena. 1990eko hamarkadako informatika enpresa handienetakoa izan zen Silicon Graphics baina 21. mendearekin gainbehera hasi zen, eta urte gutxiren buruan desagertu zen.

Silicon Graphicsek produktu sorta konpleto bat zeukan. Workstation esaten zitzaien laneko ordenagailu indartsuetan liderretako bat zen (Sun Microsystems-ekin batera). Txip edo mikroprozesagailu indartsuak zituen makina horiei zukua ateratzeko, eta haien erabilpen nagusietako bat zen gaitasun grafiko handiak izatea, irudiekin (3D eta beste) lan egiteko gaitasuna. Hortik zetorkion enpresari Graphics deitura. Eta software grafiko hori erabiltzen zen batez ere eskala industrialeko diseinuan, eta beste segmentu garesti edo handi batzuetan, adibidez 1990eko hamarkadako irudi digitaleko zine-ekoizpenetan, Jurassic Park-en bertan adibidez.

Pantailan agertzen diren Silicon Graphics ordenagailuei dagokienez, orduko 350.000 dolar balio zuten makinak erabili ziren atrezzoan. Goiko irudian ageri diren bi monitoreak SGI R4000 Indigo-ak dira. Eta hemen behean ikusten den honetan makina bera dago, kasu honetan urakan baten 3D simulazio bat erakusten, seguruenik Silicon Graphics-eko tresnekin egin zena halaber.

Gaur egunean, workstation izeneko hardwarea apenas erabiltzen den. Eta Silicon Graphics hilda dago. Worsktationen ordez ordanagailu kaxa arruntak eta eramangarriak ohikoagoak dira kontestu profesionaletan zein pertsonaletan. Enpresa edo industrietan, sare lokaletan edo Internetekoan, zerbitzariekin eta lainoarekin konektatuta, lortzen dute gaitasun konputazionala egungo ordenagailuek, hardware aparailu zehatzaren ordez. Beste aldaketa nabarmen bat hardwarean 1993tik hona da pantailak lauak direla 2026an.

Workstation haiek hain zuen inportanteak Silicon Graphicsentzat non bere egoitza diseinatu zuen Mountain Viewn, Kaliforniako Silicon Valleyn, makinen eta beren pantailen formak imitatuz eraikinetan. Hura saltzera behartuta egon zirenean, Googlek erosi zuen eraikin multzoa, eta izena aldatu zioten: Googleplex egoitza korporatiboa da harrezkero, baina lehen eraikin arketipikoek SGI makinen forma dute oraindik.

Egoitza galtzeaz gain, negozioa ere galdu zuen Silicon Graphicsek: desagertu arte. Grafikoak eta irudigintza moldatzeko estrategian, beren txipen arkitekturak makina handiak beharko zituztela pentsatzen zuten, eta hor egin zuten aurrera. Bazen ordea 1990eko hamarkadan grafikagintzan hasi zen beste enpresa bat, Nvidia. Beste enpresa honek grafikoen merkatua jokoetan ikusi zuen, eta hortaz ordenagailu txikiagoetan, jokalariek erabili zitzaketenetan, ez enpresetako workstation industrialetan. Jokoetako grafikoak azpiegitura sinpleago horietan posible egiteko, txip arkitektura berriak asmatu zituen Nvidiak. Txip horiekin jokoen segmentuan izugarri hasi ziren, eta apurka-apurka, irudigintzarako Nvidiak ematen zuen prestazioa askoz indartsuagoa suertatu zen Silicon Graphics teknologiarena baino. SGI desagertu zen, Nvidiak merkatua jan ziolako, eta ondoren, Nvidiaren txip eta txartel grafikoek eboluzionatzen jarraitu zuten 2020ko hamarkadan adimen artifizialeko garapenetan funtsezko bihurtu arte (baina hori beste istorio bat da).

Filmera itzuliz, beste bi marka beheko irudian: Appleren Mac ordenagailuetan, Quicktime bideo programa.

Eta azkenik, Sam Neill, dinosauro ikusezin digitalak miresten:

 

Erantzun

Sartu