ELA sindikatuak jakinarazi du irailetik aurrera EAEko lan hitzarmenen negoziazioetan euskaraz bakarrik jardungo duela. Sektoreka bereizitako 27 negoziazio zehatz izango dira. Horri begira, ELAk eskatu dio EAEko Lan Harremanen Kontseiluari negoziazioak euskaraz egin ahal izateko baliabideak jarri ditzatela, orain ez baitira esistitzen, eta salbuespenez bakarrik egin daitezke euskarazko negoziaketak bertan.
Lan Harremanen Kontseilua EAEko entitate bat da, eta bere osaketan ez du ELAk parte hartzen, baina bai beste sindikatu batzuek (LAB, CCOO eta UGT) eta Confebask patronalak. ELAk esan du gaurko agerraldian itzulpen zerbitzurik egon ezean ere jardungo duela euskaraz irailetik aurrerako negoziazio horietan, eta "gainerako sindikatuei eta patronalei dagokiela negoziazioen garapena jarraitu ahal izateko beharrezko baliabideak bilatzea." Pello Igeregi ELAko negoziazio kolektiboko arduradunak egin ditu adierazpenak gaurko prentsaurrekoan (goiko irudian).
Iragarpen honetaz gain, hitzarmenetan euskara nola erabili eta ageri izan den aztertu du ELAk, eta datuak eman ditu, Hego Euskal Herriko negoziazio kolektiboan indarrean dauden 1.499 hitzarmen aztertu ondoren. ELAk ondorioztatu du horien %83,19k ez duela inolako neurririk jasotzen lan esparruan euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko. Honako grafikoa argitaratu du ELAk datuekin:
ELAk salatu du patronalak ez duela euskararen erabilera normalizatzeko inongo neurririk hartu nahi. Gogorarazi du 2022an, LABekin eta Kontseiluarekin batera aurkeztutakoaren aurrean, patronalak enpresetan euskara planak orokortzeko proposamenari uko egin ziola, eta lan hitzarmenetan nekez onartzen dituztela euskaldunon hizkuntz eskubideen aldeko neurriak. Testuinguru horretan, sindikatuak uste du hizkuntza eskubideak hitzarmen kolektiboetan arautzeko lehen urratsa dela euskararen erabilera negoziazio mahaietan bertan ikusgarri egitea.
Erantzun
Sartu